Itxi

Mezularia

Palmiraren berreskuratzea

Mikel Ayestaran: 'Palmirako hiri berria guztiz hilda dago'

B.F.

EiTB

Ekialde Hurbilerako EiTBren nazioarteko berriemailea Palmirara hurbildu da, eta asteburu honetan etb1 eta etb2ko albistegietan emango den erreportaje sorta grabatu du. Aurretik 'Mezularia'n egon da.

  • Mikel Ayestaran, Palmira. Argazkia: EITB

    Mikel Ayestaran, Palmira. Argazkia: EITB

10 hilabetez Estatu Islamikoaren menpe egon den Palmirako hiria berreskuratu du Siriako armadak pasa den martxoan. Bertara gerturatzea lortu du Mikel Ayestaran Ekialde Hurbilerako EiTBren nazioarteko berriemaileak eta erreportaje sorta bat grabatu du bertan aurkitu dituen egoeraren berri bertatik bertara emateko asmoarekin. Aipatu erreportajeak asteburu honetan ikusi ahal izango dira etb1 eta etb2ko albistegietan.

Alabaina, horren aurretik Mikel Ayestararan 'Mezularia' saioan egon da, eta han ikusitakoak kontatu ditu.

Palmirako hiri zaharrera sartzea ezinezkoa dela azaldu du Mikel Ayestaranek. Gerturatu diren hedabideek urrunetik ikusi ahal izan dute Estatu Islamikoak bertan egindako kalteak. Minaz josita dagoen hiri zaharraren inguruak Errusiar armadaren kontrolpean daudela adierazi digu Ayestaranek.

'Mezularia'n gogora ekarri duenez, kalterik gogorrenak Palmirara sartu ziren lehenengo egunetan eragin zituzten. Hala ere, Mikel Ayestaranek nabarmendu duenaren arabera, askoz ere larriagoa da Palmirako hiri berrian DAESH-ak eragindako suntsipena. Hiri berria "oso egoera penagarrian" dagoela esan digu Ayestaranek, eta hirira bueltatzen diren zibilen artean "oso irudi gogorrak" ikusi dituela.

Estatu Islamikoak kaleetan egindako txikizioez gain, milizia paramilitarrek etxeetako objektuak lapurtu eta basamortuaren erdian erre dituela esan du. Hiri berria berreraikitzeko denbora luzea beharko dutela jakinarazi du nazioarteko berriemaileak. Momentu honetan, Palmirako hiri berria "guztiz hilda" dagoela esan dio Euskadi Irratiari.