Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Play-offa

TKEko arbitroak ez du onartu Hibaikaren helegitea, eta play-offa egongo da Euskotren Ligan

EITB MEDIA

Errenteriako taldeak uste zuen ez zegokiola mailari eusteko estropadetan parte hartzea, txapelketa seigarren postuan amaitu ondoren.

  • Hibaikako arraunlariak, estropada batean. Argazkia: ACT.

    Hibaikako arraunlariak, estropada batean. Argazkia: ACT.

Euskotren Ligako play-offa asteburu honetan jokatuko da, aurreikusita zegoen bezala, eta bertan arituko dira Hibaika, 2023ko Euskotren Ligako seigarren sailkatua, eta Kaiku eta Zumaia, ETE (Emakumeen Traineru Elkartea) Ligako lehen eta bigarren sailkatuak, Traineru Kluben Elkarteak (TKE) ostegun honetan argitaratutako arbitraje-laudotik ondorioztatzen denez.

Aipatu agiriak azaltzen du irailaren 6an TKEko Lehiaketako epaile bakarrak 29/2023 ebazpena eman zuela, "Hibaikak, Kaikuk eta Zumaiak Euskotren Ligako play-offean parte hartu behar zutela argituz".

Haatik, epailearen ebazpenarekin ados ez zegoenez, Errenteriako ontziak helegitea aurkeztu zuen, uste baitzuen araudian oinarrituta ez lukeela play-off horretan parte hartu behar, eta bai, ordea, zazpigarren sailkatuak. Hala ere, Galiziako traineru bat geratu da zazpigarren, Cabo, hain zuzen ere. Alabaina, Boiroko ontzia (Cabo) eta Tiran (Ligako zortzigarrena) ezin daitezke jaitsi, 2024ko Euskotren Ligan postua ziurtatuta dutelako estatutuen arabera, Galiziatik datozen traineruen parte-hartzea sustatze aldera.

Horrenbestez, TKEko arbitroak "Hibaika AE klubak aurkeztutako helegitea ez onartzea eta Lehiaketako epaile bakarraren ebazpena berrestea" erabaki du. Beraz, play-offak hiru klub izango ditu lehian: Hibaika, Kaiku eta Zumaia. Play-off hori irabazten duen taldeak postu bat izango du datorren denboraldian Euskotren Ligan, eta beste biak ETE Ligan arituko dira. Kanporaketak larunbatean eta igandean izango dira, Bermeon eta Portugaleten, Eusko Label Ligari amaiera emango dioten Bermeoko eta Portugaleteko estropaden aurretik.

Eusko Label Ligako play-offa

Halaber, larunbatean eta igandean, eta Bermeoko eta Portugaleteko estropada-eremuetan, Eusko Label Ligari dagokion play-offa jokatuko dute. Horretan, bost talde arituko dira, nor baino nor gehiago: Santurtzi (Eusko Label Ligako hamaikagarren sailkatua, azken-aurrekoa), Sanpedrotarra eta Lapurdi (KAE1 Ligako lehenengoa eta bigarrena) eta Ares eta Bueu (Galiziako Ligako lehen bi sailkatuak).

Play-offean lehenengo bi postuetan sailkatzen diren taldeak Eusko Label Ligan arituko dira 2024an.