Itxi

Beste kirolak

Volvo Ocean Race

Xabi Fernandezen 'Mapfre'k irabazi du laugarren etapa

Erredakzioa

Garaipen handia lortu du Ibarrakoak, tentsioz eta emozioz betetako etapan. Mapfrek arriskatzen jakin du, eta apustua ondo atera zaio.

04:46

Xabi Fernandez eta 'VO65 Mapfre' ontziak Volvo Ocean Raceko laugarren etapa irabazi dute, Sanya (Txina) eta Auckland (Zelanda Berria) artean. Irabazleak 9:31ean iritsi dira helmugara, 20 egun, 2 ordu, 31 minutu eta 20 segundoko denbora eginda, 5.448 itsas-milia eginda. (10.095 kilometro).

Oso gutxitan ikusi da gaurko etapak izan duen tentsioa eta emozioa. Mapfre izan zen, hain zuzen, borrokari hasiera eman ziona, ostiralean, Zelanda Berriko ipar-ekialdeko kostaldea jaisterakoan. Fernandezen ontziak norabidea aldatu zuen, ekialdera eginez, Ian Walkerren 'Abu Dhabi' liderretik 13 miliatan aldenduz.

Gauerdia igarota, 'Mapfre' lehen postuan pasa da Brenaneko badiatik, Xabi Fernandez eta Andre Fonseca brasildarra ontziaren zuzendaritzan txandakatzen zirela.

'Abu Dhabi' milia bakar batera zuten, 'Dongfeng' bi miliara eta 'Alvmedica' sei miliara.

'Mapfre'ren taktikak aurkariak mendean izan ditu eta ezinezkoa zitzaien Xabi Fernandezen ontzia gainditzea. 17 ordu itzel egin dituzte, eraso ausarta jo eta garaipena lortuta.

Garaipena lortzeaz gain, Xabi Fernandezen taldea sailkapen nagusiko laugarren postura igo da, 'Alvmedica' gaindituta, eta podiumetik bi puntura daude jada.