Itxi

Beste kirolak

AEB-KO IREKIA

Garbiñe Muguruzak ezin izan du bigarren kanporaketa gainditu

Agentziak | Erredakzioa

Caracasen jaiotako tenislariari asko kostatzen zaio txapelketan aurrera egitea; zortzi aldiz parte hartu du eta behin bakarrik gainditu du bigarren kanporaketa.

  • Garbiñe Muguruza, partidan

    Garbiñe Muguruza, partidan. Argazkia: Efe.

Garbiñe Muguruzak agur esan dio US Open tenis txapelketari, bigarren kanporaketan Tsvetana Pironkova bulgariarrarekin 7-5 eta 6-3 galduta.

Muguruzak denboraldi ona egin du koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiaren aurretik: Australiako finala jokatu zuen eta parte hartutako txapelketa guztietan final-laurdenetara iritsi da, gutxienez. Hala ere, New Yorken ezin izan dio bide horri jarraitu 2017ko Wimbledoneko eta 2016ko Roland Garroseko txapeldunak. AEBko irekian asko sufritzen du, eta aurten ez da bestela izan.

Lehen setean, Muguruza indartsu hasi da, lehen jokoan bere aldeko 'break' bat lortuta eta kolpe irabazle mordoarekin. Hala ere, ondoren, lau joko jarraian galdu ditu, eta bigarren setean atzetik joan da denbora guztian.

Bere jokoa berreskuratzen joan arren, Tsvetana oso erregular aritu da. Muguruzak sufritu egin du sakeari eusteko, batez ere laugarren jokoan, eta azkenean galdu egin du.

Horrela, aurkariak irabazi du bigarren seta ere, eta Muguruza txapelketatik kanpo geratu da. Muguruzak zorte txarra izaten jarraitzen du New Yorken; zortzi aldiz parte hartu du eta behin bakarrik gainditu du bigarren kanporaketa.