Itxi

Beste kirolak

ERREGINAREN KOPA

Zuazo Kopatik kanpo geratu da, Malagaren kontra aurpegia eman duen arren (26-25)

A. A. | EITB MEDIA

Barakaldokoak gogor borrokatu dira andaluziarren aurka, baina ez dira sailkatu apirilaren 29tik maiatzaren batera Donostian jokatuko den Erreginaren Kopako azken fasean.

  • Rocasa Malaga vs Zuazo

    Rocasa Malaga vs Zuazo

Zubileta Evolution Zuazok ezin izan du Erreginaren Kopako 2. fasea gainditu, larunbat honetan ere galdu egin baitu Malagaren aurka (26-25). Barakaldokoek 3 goleko aurkako errentarekin ekin diote neurketari, asteazkenean andaluziarrak nagusitu baitziren Lasesarre kiroldegian jokatutako joaneko neurketan (25-28).

Lehen zatiko hasierako 20 minutuetan ondo aritu da Joseba Rodriguezen taldea, eta markagailuan aurretik izatea ere lortu dute bizkaitarrek zenbait alditan (3-4, 5-6 eta 6-7), gainera, aldea handiagoa ere izan zitekeen, aukera nabarmenak huts egin baitituzte Virginia Fernandez etxeko atezainaren aurrean, besteak beste, hiru penalti jaurtiketa, baina batean zutoinak, eta bestean atezainak, ezerezean utzi ditu 7 metroetako jaurtiketak.

Ondoren, gol trukaketa izan da nagusi neurketan; alabaina, Malagak urrats bat aurrera eman du lehen zatiko azken 10 minutuetan, eta bost goleko errenta bereganatu du aitaren batean, Barakaldokoen hutsegite batzuk tarteko (14-9). Azkenerako, hiruko desabantailarekin joan dira aldageletara bizkaitarrak (14-11).

Bigarren zatian, agintzen jarraitu dute andaluziarrek denbora luzean, eta bost golera arte zabaldu dute berriro markagailuko zuloa Suso Gallardok entrenatzen dituen neskek (21-16 eta 22-17). Bizkaitarrek, baina, ez dute amore eman nahi izan, eta azken txanpan egindako ahalegina dela medio markagailua berdintzeko gai izan dira (23-23) kanporaketa amaitzeko bost minutu falta zirela. Ematen zuen balentria egitea ez zegoela horren urruti; haatik, etxekoek ez dute ezustekorik nahi izan, eta berehala erantzun dute, aldea berriro zabaldu eta bisitarien esperantzak desegiteko (25-23).

Horrenbestez, gogor borrokatu den arren, Zuazo ez da izango apirilaren 29tik maiatzaren batera Donostian jokatuko den Erreginaren Kopako azken fasean. Bertan parte hartuko duena, Super Amara Bera Bera izango da, txapelketa antolatuko duen etxeko talde gisa.

Partidako markagailua:

1. zatia: 0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2, 3-3, 3-4, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 9-9, 10-9, 11-9, 12-9, 13-9, 14-9, 14-10, 14-11.

2. zatia: 14-12, 15-12, 16-12, 16-13, 16-14, 17-14, 17-15, 18-15, 19-15, 19-16, 20-16, 21-16, 21-17, 22-17, 22-18, 22-19, 23-19, 23-20, 23-21, 23-22, 23-23, 24-23, 25-23, 25-24, 26-24, 26-25.