Itxi

Beste kirolak

MOTOZIKLISMOA

Xabi Zurutuza pilotuak Moto3 kategoriako Munduko Txapelketara egingo du jauzi

A. A. | EITB MEDIA

17 urteko motor-gidari legazpiarrak Finlandiako Red Bull KTM Ajo taldean korrituko du 2024an.

  • Xabi Zurutuza, EITBren artxiboko irudi batean

    Xabi Zurutuza, EITBren artxiboko irudi batean

Xabi Zurutuza Gipuzkoako motor-gidari gazteak (Legazpi, 2006) Munduko Motoziklismo Txapelketako Moto3 kategorian parte hartuko du datorren denboralditik aurrera, Aki Ajok zuzentzen duen Finlandiako Red Bull KTM Ajo taldean, alegia.

Zurutuza JuniorGP kategorian ari da aurtengo denboraldian, eta bi garaipen lortu ditu, Portimao (Algarve, Portugal) eta Montmelo (Bartzelona) zirkuituetan, hain zuzen ere, eta txapelketako txapeldunorde izateko lehian sartuta dago bete-betean. Hala, aurtengo jardun onak datorren denboraldian Moto3ra jauzi egitea balio izan dio.

Legazpiarra "oso pozik" agertu da, Moto3ko Munduko Txapelketan debuta egin ahal izatea "ametsa egia bihurtzea" baita, bere esanetan. "Datorren denboraldian eboluzionatu egin beharko dut, azkar egokitu eta ahalik eta lehiakorrena izan, baina hala izatea espero dut, 2024an KTM bat gidatzen jarraituko baitut, eta motor horretara ohituta nago", esan du orain arte Team MTA taldeko pilotua izan denak.

17 urteko legazpiarrak Jose Antonio Rueda andaluziarra izango du taldekide. Ruedak bere bigarren denboraldia beteko du kategoria horretan datorren urtean.

Zurutuza Valentzian, Ricardo Tormo zirkuituan, hasiko da 2024ko denboraldirako prestatzen, denboraldiaurreko lehen probekin. Azaroaren 28an izango da hori. Gerora, antolatzaileek argitaratutako behin-behineko egutegiaren arabera, martxoaren 8tik 10erako asteburuan ekingo dio benetako lehiari, Qatarko Sari Nagusian, Lusailgo zirkuituan.