Itxi

Beste kirolak

Irailak 30

300 bat triatleta izango dira 2023ko Bilbao Triathlon proban, larunbatean

EITB MEDIA

Hamabigarren aldiz jokatuko dute proba hori; Distantzia Erdiko Espainiako Koparen barnean dago. Bizikletaz egin beharreko ibilbidean, berritasunak izango dira; asmoa da hiritik arinago irtetea, eta, hortaz, herritarrentzako kaltea txikiagoa izan dadin.

  • 2022ko Bilbao Triathloneko artxiboko irudi bat. Argazkia: EFE.

    2022ko Bilbao Triathloneko artxiboko irudi bat. Argazkia: EFE.

300 bat triatleta izango dira 2023ko Bilbao Triathlon proban, larunbatean, irailaren 30ean, Bizkaiko hiriburuan, antolatzaileek zehaztu dutenez. Proba astelehenean aurkeztu dute, eta hamabigarren aldiz jokatuko dute. Distantzia Erdiko Espainiako Koparen barnean dago, eta, bizikletaz egin beharreko ibilbidean, berritasunak izango dira; berritasun horien asmoa da hiritik arinago irtetea, eta, hortaz, herritarrentzako kaltea txikiagoa izan dadin.

Testuinguru horretan, triatloia 15:00etan hasiko da, Itsasmuseum Bilbaon. Alde batetik, igeriketa proba izango du, 1.900 metrokoa; itsasadarrean gauzatuko da hori, "probaren ezaugarria denez", antolatzaileen esanetan. Txirrindularitzako lasterketak 83,5 kilometroko ibilbidea izango du, eta asmoa da "hiritik arinago irtetea, herritarrentzako kaltea aurrekoetan baino txikiagoa izate aldera; eta oinezko lasterketa, 21 kilometrokoa bera, Itsasmuseum Bilbaoren zelaigunearen eta Udaletxeko Zubiaren arteko zirkuitua eginez osatuko dute.

Txirrindularitzako zatiko tarte batzuk, antolatzaileen iritziz, "errodadore onentzako egokiak izan litezke, eta, gainera, bi mendate ditu; guztira, desnibela 841 metrokoa da". Hain zuzen ere, Itsasmuseum Bilbaotik irtenda, parte-hartzaileek Euskalduna Zubira joko dute, gerora Deustura, San Inaziora, eta Elorrietatik aterako dira Bilbotik; jarraian, Txorierrin barrena joango dira, Larrabetzuraino, eta bertatik ohiko ibilbidea berreskuratuko dute: Morga mendatea, Mungialdea, Butroe, Urduliz, Unbe, EHU, Erandio, eta berriro ere Bilbo, Elorrietatik. Lasterketa, orduan, Itsasmuseum Bilbora bueltatuko da, eta, aquabike modalitatean, helmugara.

Aurreikuspena da lehen txirrindularia 17:20 aldera bueltatzea txirrindularitzako ibilbidetik, eta 18:30etik 18:40ra bitartean helmugaratzea. Emakumezkoetan, antolatzaileek uste dute ez dela helmugaratuko 19:00ak baino lehen. Sari banaketa 20:00ak aldera hasiko da.