Itxi

Alaves

Errege Kopa

Mendizorrotzak, historiarekin hitzordua

Erredakzioa

Arabako taldeak 21:00etan jokatuko du Kopako finalerdietako itzuliko partida; joaneko norgehiagoka golik gabe amaitu zen. Alavesek eta Celtak finala nahi dute.

  • Mendizorrotza. Argazkia: EFE

    Mendizorrotza. Argazkia: EFE

Alavesek eta Celtak gaur jokatuko dute Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida, 21:00etan, Mendizorrotzan. Joaneko partida golik gabe amaitu zen. 16 urte pasatu dira Arabako taldeak UEFAko finala jokatu zuenetik, eta beste final bat jokatu nahi dute.

Mauricio Pellegrinok atsedena eman zien Ligan ohiko jokalariei, eta emaitza onenak eman dizkion hamaikakoa zelairatuko du. Pacheco izango da atezaina; defentsako lerroan, Kiko Femenia, Feddal, Laguardia eta Theo Hernandez izango dira; zelai erdian, Marcos Llorente, Manu Garcia eta Victor Camarasa; eta Gaizka Toquero, Ibai Gomez eta Deyverson izango dira aurrealdean.

Igandean, Celtak ez zuen Ligako partida jokatu, denboraleak Balaidos futbol-zelaiko armailetako sabaia altxatu ondoren, bertan behera utzi baitzuten Real Madrilen aurkako partida. Eduardo 'Toto' Berizzo entrenatzaileak jokalari guztiak prest ditu, eta denak eraman ditu Gasteizera.

Mendizorrotza bete egingo da, eta Alaves taldeko jarraitzaileak taldea finalera bultzatzen saiatuko dira. Celta taldeko 700 zale egongo dira Alavesen estadioan partida bertatik bertara ikusten.

Ustezko hamaikakoak:

Alaves: Pacheco, Kiko Femenia, Laguardia, Feddal, Theo; Marcos Llorente, Manu Garcia; Ibai, Camarasa, Toquero eta Deyverson.

Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Roncaglia, Jonny; Radoja, Marcelo Diaz, Hernandez; Wass, Bongonda eta Aspas.

Epailea: Mateu Lahoz.

Zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 21.00.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Alaves bideoak