Itxi

Alaves

EA Sports Liga

Alavesek garaipenik gabeko bolada eten du, Rayo Vallecanori 1-0 irabazita

EITB Media

Arabako taldeak garaipena bereganatu du EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partidan, Rayo 1 eta 0 menderatuta. Gorosabelek sartu du neurketako gol bakarra.

  • Alaves - Rayo Vallecano

    Alaveseko jokalariak Gorosabelek Rayori sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek irabazi egin dio Rayo Vallecanori, 1-0, Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partida. Gorosabelek sartu du neurketako gol bakarra. Ondorioz, Arabako taldeak amaiera eman dio garaipenik gabeko boladari, bost norgehiagoka jarraian baitzeramatzan irabazi gabe. Gainera, mailari eusteko lehian aurkari zuzena duen talde bat menderatu du, eta jaitsierako postuetan dauden taldeetatik hamar puntura jarraitzen du.

Lehen ordu laurdena joan-etorrikoa izan da, baina abagunerik gabekoa. Gero, Rayo izan da baloiaren jabe, eta Gasteizko taldea Samu Omorodionen abiadura baliatu nahian ibili da. Carlos Vicentek izan du gola sartzeko lehen aukera, baina ez da jokaldia amaitzeko gai izan.

Norgehiagokako 39. minutuan, jokoa eten da, ikusle batek medikuen laguntza behar izan duelako. Arazoa azkar konpondu da, eta epaileak neurketa berrabiarazi du. Orduan eman du Alavesek maila onena, eta gola sartu du 44. minutuan; Gorosabelek bikain loratu du baloia, Dimitrievski atezaina gainditu eta Rayok babestutako ate barruan sartzeko (1-0).

Bigarren zatiaren hasieran, Alavesek beste gol bat sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du Carlos Vicente jokoz kanpo zegoelako Javi Lopezen pasea jaso duenean. Geroago, Raul De Tomasen gola baliogabetu du epaileak, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako taldekide baten pasea jaso duenean.

Bi gol horiek baliogabetu ostean, parekotasuna izan da nagusi. Bi taldeak erasora jotzen saiatu dira, baina ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Azkenera arte lanean jarraitu behar izan du Garcia Plazak zuzentzen duen taldeak. Luzapenean, Rayo Vallecanok gola sartzeko aukera ona izan du: Siverak gola saihestu du Falcaoren errematea desbideratuta, eta aldaratzean kolonbiarraren erremateak langa jo du. Azkenean, baina, Alaves garaile (1-0).

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 84. min), Abqar, Rafa Marin, Lopez; Guevara, Blanco, Guridi (Benavidez, 78. min); Carlos Vicente (Sola, 78. min), Rioja (Abde, 71. min) eta Samu (Kike Garcia, 71. min)

0 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Aridane, Lejeune, Espino (Chavarria, 46. min); Pathe Ciss (Falcao, 78. min), Isi, Unai Lopez, De Frutos (Bebe, 86. min); Kike (Miguel Crespo, 63. min) eta Raul de Tomas (Camello, 63. min).

Gola: 1-0: 44. min, Gorosabel.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horia atera dio Abqar (28. min) Alaveseko jokalariari, baita Isi (13. min) eta Espino (30. min) Rayo Vallecanoko futbolariei ere.