Itxi

Athletic Club

Agur estadio handi bati

San Mamesen txalo-zaparradak jaso dituzten aurkariak

Josu Bilbao

Xavi Hernandez, Michael Laudrup, Ryan Giggs, Rafa Gordillo, Juan Carlos Valeron, Gaizka Mendieta...

  • Ryan Giggs eta De Marcos. Argazkia: EFE

    Ryan Giggs eta De Marcos. Argazkia: EFE

San Mames estadioak, bete dituen ehun urteetan, futbola beste era batean ulertzen duela argi utzi du. Zaleak talde zuri-gorriarekin zorrotzak izan dira, baina une txarrenetan ere, beti harmailetatik animatzen egon dira. Gainera, aurkariari miresmena eta errespetua, bedurrik gabe azaldu zaio Bilboko estadio mitikoan, eta taldeek eta jokalariek zaleen oniritiza jaso dute.

Azken adibidea, Xavi Hernandez Bartzelonako jokalariarekin bizi izan da. Jokalari katalanak txalo artean utzi zuen berdegunean Athletic-Bartzelona (2-2) norgehiagokan. Erdilariak txalo-zaparrada jaso zuen baita ere, 2009ko Superkopako neurketan, eta San Mames bihotzean daramala onartu du. Xavik zaleen txaloek “oilo-ipurdia” jarri ziotela adierazi zuen.

Juan Carlos Valeronek ere, txalo-zaparradak jaso izan ditu San Mamesen, behin baino gehiagotan. Kanariarra, BBVA Ligako jokalaririk beteranoetarikoa da, eta duen klasearekin zaleen txaloak jaso izan ditu, Deportivoren elastikoarekin.

Athletic-Manchester 2012ko Europa Ligako kanporaketa bizi izan zutenek, ez dute erraz  ahaztuko Ryan Giggsek jaso zuen txalo-zaparrada. Galeseko jokalariak estadio askotan txalok jasotzen ditu, baina agurtzeko zaleak zutik jarri ziren San Mamesen, Manchester Unitedeko zaleen harridurarako. Patrice Evra 'deabru gorrien' kapitainak ere, zaleak eta euren jarrera txalotu zituen, Giggsek berdegunea uzten zuen bitartean.

San Mamesetik izar asko pasa dira, eta horietako batzuek zaleen onespena jaso dute. Di Stefanok eta Cruyffek txalo-zaparradak jaso zituzten Real Madrilen eta Bartzelonaren elastikoarekin. Zinedine Zidane frantziarrak ere, merezitako txaloekin utzi zuen ‘Katedraleko’ zelaia, eta Michael Laudrup daniarrak txalo-zaparrada jaso zuen, Real Madrilek 0-5 irabazi ondoren.

Rafa Gordillok eta Juanitok euren azkeneko norgehiagoka Real Madrilekin San Mamesn jokatu zuten, eta zale zuri-gorriek agur polita eman zieten. Gordillok zelaia txalo artean utzi zuen, nahiz eta merengeek 1-4 irabazi. Almendralejokoak egun hura ondo oroitzen duela adierazi du behin baino gehiagotan: “San Mames esker oneko estadioa da”.

Euskal jokalariak ondo hartu ditu 'Katedralak' orokorrean, baina Athleticeko zale askok Gaizka Mendietak 1998an Valentziarekin jasotako txalo.zaparrada gogoratuko dute. Mendietak San Mames “berezia” dela, erantzun zuen, partida bukatu ostean.

Beste kasu ikusgarri bat 'Kuko' Zigandaren itzulera izan zen. Gaur egungo Bilbao Athleticeko entrenatzailea Osasunarekin bueltatu zen San Mamesera, eta Zigandak jasotako txaloak eta animoak zirela eta, hankek ez ziotela erantzuten adierazi zuen.