Itxi

Athletic Club

Egun historikoa

Zelai berria, aro berria

Leire Etxazarra | eitb.com

Hiru urte igaro dira San Mames Barria eraikitzen hasi zirenetik; 2010eko maiatzaren 26an jarri zuten lehen harria.

  • 2013ko irailaren 16a Athleticen historiara pasatuko da. Efe.

    2013ko irailaren 16a Athleticen historiara pasatuko da. Efe.

Athleticek eta San Mamesek bide luzea egin dute historian, 100 urteko bidea. Denbora horretan denetarik izan da; momentu onak, ez hain onak, baina guztiak zale zurigorrien oroimenean gordeta daude. 100 urtek askorako ematen du, eta Athletic taldeak sortzen sentimenduak lotura zuzena du Katedral zaharrarekin.

Duela hilabete batzuk, zale zuri-gorriek agur esan zioten San Mamesi, tristuraz, tradizioak Ibaiganeko kluban duen pisu bereziaz kutsatuta. Baina agur horretan begi asko berdegunetik metro batzuetara begira zeuden, han ondoan izan baita San Mames Barriaren hazia. Zelai berria hazten joan da zaharraren argiak itzaltzen ziren bitartean, garabiek historia usaina zuten hormak botatzen zituzten bitartean, bata bestearen atzetik, San Mames zaharra guztiz desagertu arte.

Arimak, hala ere, bizirik dirau, zelai berriak zaharraren espiritua hartu baitu. San Mames Barriak sekulako itxura du, eserlekuz jositako harmailek kolore gorri bizia dute, zelaia berdea da eta kanpoko azala, berriz, zuria. Koloreek futbol zelai zaharraren bizitasuna, arnasa, eman diote berriari.

Arku mitikoa ere zelai berrian jartzeko aukera aztertu zuten, Katedralaren ikur nagusiak San Mames Barrian ere zaindari lanak egitea zen asmoa, ametsa, baina arazo teknikoek aukera hori baztertzera behartu zituen proiektuaren arduradunak. Arkuak Lezamako instalazioetan emango ditu datozen urteak.

Zelai paregabea izateko jaioa den arren, bada beste zelai mitiko batekin antz nabarmena hartu dionik: Old Trafforden antza, hain zuzen. Kasualitatea ala ez, Athleticek Manchester Uniteden zelaian bizi zuen duela gutxi bere historiako azken gau magikoetako bat.

Hiru urteko lanak

San Mames Barria hiru urteko lanen ostean estreinatuko da. 2010eko maiatzaren 26an jarri zuten lehen harria. Presaka zabalduko ditu ateak; lanen hiru laurdenak bukatuta, 36.000 ikusle bakarrik hartu ahal izango ditu aurtengo denbotaldian.

Zelaia 2015eko udaberrian amaituta egotea espero dute. Ordurako Hegoaldeko Tribuna eraikita egotea aurreikusi dute. Berezia da Trinbuna hori, San Mames zaharreko Tribuna Nagusia zegoen lekuan bertan eraikiko baita.

San Mames guztiz bukatzen dutenean, 53.000 zale hartu ahal izango ditu, eta jarraitzaile zurigorrien orroek Bilboko gaua jantziko dute berriro.