Itxi

Athletic Club

2-1

Athleticek landutako eta merezitako garaipena lortu du Betisen aurka

Erredakzioa

Pepe Melen taldea aurreratu da markagailuan, Jorge Molinaren golarekin, baina De Marcosen eta San Joseren golek buelta eman diote neurketari.

1:25

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du San Mamesen, Pepe Melen Betis taldea 2-1ko markagailuarekin gaindituta. De Marcos eta San Jose jokalariek sartu dituzte etxekoen golak. Ez da garaipen erraza izan.

Erritmo handiko lehen zatia jokatu dute bizkaitarrek eta andaluziarrek. Zuri-gorriek indartsu hasi dute neurketa, eta jaun eta jabe izan dira hasierako minutuetan. Susaetak markagailua estreinatzeko aukera izan du 3. minutuan, baina behartuta iritsi da, eta baloia kanpora bidali du. Minutuek aurrera egin ahala, baloiaren jabetza berreskuratu dute Pepe Melen gizonek, eta Chulik gola sartzeko aukera bi izan ditu.

Bilbotarrek lanean jarraitu dute, golaren bila. 20.ean Aritz Adurizentzat izan da abagunea. Donostiarra bakarrik geratu da Sara atezainaren aurrean, baina baloia gora bidali du.

Lan eskasa izan du Iraizozek aurreneko 45 minutuetan, baina 31.ean geldiketa bikaina egin du Matillaren gola saihestuz. Atsedenaldira heltzeko minutu gutxi falta zirenean, birritan bidali du Athleticek baloia langara. Lehenengoan eskumarekin jaurti du Ibaik, eta bigarrenean buruz errematatu du Gurpeguik Ibai beraren erdiraketa.

58. minutuan Athleticen aldeko penaltia adierazi du epaileak, Chulik Susaeta bota eta gero, zangotrabaz, baina Beñatek ez du aukera baliatu eta huts egin du.

Bi minutu geroago, Betisen gola egin du Jorge Molinak (0-1): Lolo Reyesek erdiratu du, buruz errematatu du Molinak eta Iraizozek aldaratu du, baina baloia Molinari bueltatu zaio eta bigarren aukeran ez du huts egin.

73.ean, zelairatu berria zen De Marcosek egin du banakoaren gola, buruz, Beñaten pasea aprobetxatuta, eta hamar minutu geroago zuri-gorrien bigarrena egin du Mikel San Josek. Atzelari gipuzkoarrak buruz errematatu du Ibairen pase biribila. Athleticek buelta eman dio norgehiagokari.

Baina Betis bizirik heldu da partidako azken minutuetara, eta Verduk gora bidali du neurketako azken errematea. Azkenean, Bilbon geratu dira hiru puntuak, merezita.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Gurpegui, Laporte; Rico, Beñat, Herrera (De Marcos, 69'); Susaeta (Muniain, 74'), Aduriz eta Ibai Gomez (Iturraspe, 86').

1 - Real Betis: Sara; Chica, Amaya, Paulao, Nacho; Matilla (Verdu, 56'), Xavi Torres; Juanfran, Jorge Molina, Salva Sevilla (Lorenzo Reyes, 50'); eta Chuli (Cedrick, 72').

Golak:

0-1, 63': Jorge Molina.

1-1, 72': De Marcos.

2-1, 81': San Jose.