Itxi

Athletic Club

BBVA liga

Athleticek puntu bakarrarekin konformatu behar izan du

Leire Etxazarra | eitb.com

Valentzia atsedenaldiaren atarian aurreratu da markagailuan, Banegak penaltiz sartutako golari esker. Zuri-gorrien gola Mikel Ricok egin du, bigarren zatian.

1:22

Athleticek eta Valentziak bana berdindu dute San Mamesen jokatutako Ligako partidan. Valentziarrak aurretik jarri dira, penaltiz Banegak gola sartuta, baina zuri-gorriek bigarren zatian berdinketa egin eta puntu bat lortu dute.

Lehen zatian, oreka izan da nagusi. Bi taldeek erasora jo dute, eta arriskua sortu dute bi atezainen inguruetan. Athletic izan da, hala ere, aukera gehien izan dituen taldea. Laportek bi oso garbi izan ditu, bata bestearen atzetik, Beñatek egindako bi erdiraketa bikaini esker.

Zuri-gorrien bultzadak ez ditu valentziarrak ikaratu, eta Djukicen gizonek ere erraz egin dute aurrera.

Bizkaitarrek baloiaren jabetza izan arren, Valentziak ere arrisku handia sortu du.

Atsedenaldira golik gabeko berdinketarekin iritsiko zirela zirudienean, penaltiaren jokaldia iritsi da. Feghouli arean sartu da, eta Laportek lurrera bota du. Epaileak ez du zalantzarik izan, eta penaltia adierazi du. Gola Banegak egin du, penaltia bikain jaurtiz.

Bigarren zatian, Valentzia bigarren golaren bila atera da, eta Jonasek eta Feghoulik behin eta berriro eragin diete beldurra San Mameseko zaleei.

Zuri-gorriek, hala ere, ez dute amore emateko asmorik erakutsi, ezta gutxiagorik ere, eta aukera garbiak izan dituzte. Adurizek berdinketa hanketan izan du 63. minutuan, eta Muniainek, berriz, 69.ean zutoinera jaurti du baloia.  Sei minutu geroago iritsi da etxekoen gola; Mikel Ricok sartu du, De Marcosek eskuinaldetik buruz egindako erdiraketa aprobetxatuta. Valverderen taldearen ahaleginak saria izan du azkenean.

Zorterik ez

Berdinketa lortuta, Athleticek gora egin du, bigarren golaren bila. San Mamesen jokatu zuten azken partidan buelta eman zioten kontra zuten markagailuari, eta balentria berriro egiteko irrikaz zegoen taldea. Baina Valentzia lekua oso ondo hartuta egon da, eta beraiek ere gertu ikusi dute garaipena.

Zuri-gorrien aukerarik argiena Gurpegik izan du, 83. minutuan. Susaetak falta bat atera du urrutitik, eta baloia arean jarri du. Nafarrak buruz jo du, baina baloia Guaitaren eskuetara joan da. San Mameseko zaleek taldea bultzatu dute etengabe azken minutuetan, baina ez da gol gehiagorik izan. Azkenean, puntu bakarra lortu dute bilbotarrek.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Saborit; Rico, Beñat (Ituraspe, 63. minutua), Herrera (Aduriz, 46. minutua); Susaeta, De Marcos eta Muniain (Toquero, 71. minutua).

1 - Valentzia: Guaita; Barragán (Víctor Ruiz, 79. minutua), Ricardo Costa, Mathieu, Guardado; Javi Fuego, Banega, Feghouli, Pabón (Canales, 75. minutua); Jonas eta Alcacer (Helder Postiga, 71. minutua).

Golak: 0-1, 42. minutuan: Banega (penaltiz). 1-1, 75. minutua: Mikel Rico.