Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Athleticek puntu bakarrarekin konformatu behar izan du

Leire Etxazarra | eitb.com

Zuri-gorriak 0 eta 2 galtzen joan dira lehen zati txarra jokatu ostean. Bigarren zatian, Susaetak eta Adurizek partida berdintze lortu dute.

3:14

Athleticek puntu bakarrarekin konformatu behar izan du San Mamesen. Partida galtzen hasi dira baina azken minutuetan markagailuari buelta eman eta hiru puntuak eramateko aukera handiak izan dituzte.

Lehen zatian Elx Athletic baino gehiago izan da eta berehala hartu die neurria zuri-gorriei. Bilbotarrek lanak izan dituzte erasoa ondo antolatu eta arrisku apur bat sortzeko.

Kanpotarren gola 9. minutuan iritsi da: David Lombanek sartu du, burukada ederraz, korner jaurtiketa aprobetxatuta.

Golak ezustean harrapatu ditu bizkaitarrak eta ordutik aurrera partida Elxena izan da. Erraz iritsi dira Herrerinen ingurura, eta arrisku handia sortuz gainera. Gola sartu eta bi minutura Fidel bigarrena egiteko zorian izan da, baina Fidelen jaurtiketa ikusgarriak langan jo du.

Zuri-gorriei dagokienez, ezinean aritu dira lehen 45 minutuetan. Elxek lan bikaina egin du defentsan, presio handia egin dute, eta ez die Athleticeko jokalariei hutsunerik utzi. Laportek 19. minutuan gora bidalitako burukada izan da erasoan egindako gauza bakarrenetarikoa.

42. minutuan, kanpotarrek bigarrena egiteko beste aukera bat izan dute, baina Herrerinek erantzun bikaina eman dio Aaronen jaurtiketari.

Zuri-gorrien erreakzioa

Bigarren zatiaren hasieran bigarren kolpea hartu du Athleticek. Zuri-gorriek huts galanta egin dute defentsan, eta Aaronek Elxen bigarren gola egin du.

San Mames isil-isilik geratu da, baina zuri-gorrien erreakzioa minutu gutxitan etorri da. Susaetak markagailuko aldea murriztu du 55. minutuan, Muniainen erdiraketa bikaina kontrolatu eta Herrera gaindituta. Valverderen gizonek gora egin dute nabarmen eta 69. minutuan berdinketa lortu dute: Adurizek sartu du, buruz, zelaira sartu eta minutu gutxira.

Hirugarrena egiteko aukera garbiak izan dituzte bilbotarrek 83. eta 84. minutuan, baina Toquerok eta Beñatek ez dute azken momentuan asmatu. Azkenean, 2 eta 2, puntu bakarra lortu du Athleticek.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Herrerín; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico (De Marcos, min.46), Herrera  (Beñat, min.57); Susaeta, Toquero eta Muniain (Aduriz, min.66).

2 - Elche CF: Manu Herrera; Damián Suárez, Lombán, Botía, Domingo Cisma; Rubén Pérez, Carlos Sánchez; Aarón (Mantecón, min.66), Carles Gil, Fidel (Javi Márquez, min.85); eta Coro (Manu del Morañ).

Golak: 0-1, 9 min: Lombán. 0-2, 47. min: Aarón. 1-2, 54. min: Susaeta. 2-2, 69. min: Aduriz.