Itxi

Athletic Club

Final-zortzirenak

Athleticek 1-0ekoa irauli beharko du, berriz ere

Erredakzioa

Betisek irabazi du joaneko norgehiagoka Ruben Castrok atsedenaldia heldu aurretik lortutako golari esker.

1:15

Zuri-gorriek San Mamesen kanporaketa irauli beharko dute, berriz ere, Betisen kontra 1-0 galdu ondoren final-zortzirenetako joanekoan. Bizkaiko taldea nagusi izan da ia partida osoan zehar, baina erasoan gehiegi barkatu dute. Ruben Castrok lortu du norgehiagokako gol bakarra, atsedenaldia heldu aurretik.

Athletic jaun eta jabe izan da aurreneko zatian, baina Ernesto Valverderen gizonek ezin izan dute Andersen atezaina gainditu. Erik Moran gazteak abagune ederra izan du partidako 3. minutuan, baina baloia Betiseko atezainaren eskuetara joan da. Zuri-gorriek arriskua sortu dute, eta Andaluziako taldeak kontraerasoa bilatu du, arrakastarik gabe.

Ibai Gomezek gola lortzeko beste abagune on bat izan du 25. minutuan, baina Santutxuko jokalariak Andersenen eskuetara jaurti du. Kike Solak ere bi aukera argi izan ditu, baina nafarrak ezin izan du atera jaurti. 33. minutuan, Cedrickek gola eskuratzeko aukera oso argia izan du, baina Betiseko jokalariak hutsegite handia egin du, baloia kanpora bidali baitu, ate osoa libre izanik. Hala ere, Ruben Castrok ez du bere aukera barkatu, eta Sevillako taldeak 1-0ekoa jarri du, Iago Herrerin atezainaren irteera kaskarra aprobetxatuta.

Betis bigarren golaren bila irten da atsedenaldiaren ostean, eta Bilboko taldeak asko sufritu du defentsan. Balenziagak langa azpitik atera behar izan du baloia, eta Garridoren gizonek gogor sakatzen jarraitu dute. Pixkanaka, Athleticek norgehiagokaren kontrola berreskuratu du, eta Valverderen gizonek aukera argiak izan dituzte.

Kike Sola protagonista izan da bigarren zatian. 62. minutuan, Andersenek gelditu erabakigarria egin du nafarraren errematea desbideratzeko, eta hurrengo jokaldian, aurrelariak baloia gehiegi gurutzatu du. 88. minutuan, Solak beste abagune eder bat izan du, baina Nafarroakoak zutoinera jaurti du. Azkenean, joaneko partida Andaluziako taldeak irabazi du (1-0).

Fitxa teknikoa:

1 - Real Betis: Andersen, Juanfran, Caro, Jordi, Nacho; Nono, Verdu, Salva Sevilla (Ignacio Abeledo 83. minutuan); Cedrick (Jorge Molina, 62. minutuan), Ruben Castro eta Chuli (Lolo Reyes, 71. minutuan).

0 - Athletic: Herrerin; Iraola, Gurpegui, San Jose, Balenziaga; Erik Moran, Beñat (De Marcos, 79. minutuan), Mikel Rico (Ander Herrera, 59. minutuan); Susaeta (Muniain, 59. minutuan), Kike Sola, Ibai.

Gola: 1-0. 42. minutuan, Ruben Castro.