Itxi

Athletic Club

1-5

Athleticek Osasuna jipoitu du Sadarreko derbian

Erredakzioa

Valverdek zuzentzen duen taldeak 1-5 irabazi dio talde gorritxoari eta sailkapeneko laugarren postua sendotu dute zuri-gorriek.

3:19

Athleticek 1-5 irabazi dio Osasunari bi talde hauek Sadarren jokatu duten euskal derbia. Hiru puntu hauei esker, zuri-gorriek Txapeldunen Ligako postua sendotu dute, eta aldeak handitu ditu atzetik dituen Vila-real eta Sevillarekiko.

Lehen gola oso azkar etorri da. Hirugarren minutuan Lotiesek baloia oparitu dio Susaetari eta honen jaurtiketa indartsua sare barrura joan da (0-1). Pozak, ordea, ez dio asko iraun Athletic, hamargarren minutuan Armenterosek norgehiagoka berdindu baitu falta jaurtiketa baten bitartez (1-1).

Sadarren jokatu den euskal derbiko lehen minutuak oso eroak izan dira. Athletic baloiaren jabe izan da partida hasieran eta 15. minutuan 1-2koa sartu dute zuri-gorriek. Andres Fernandez atezainak Athleticen gola eragotzi du lehen jaurtiketan, baina, ondoren, Lotiesek eta atezainak egin duten hutsaz baliatu da Aduriz Athleticen bigarren gola sartzeko. Bigarren gola hartu ostean Osasunak erasora jo du, eta partida berdintzeko izan duen abagune argiena 34.an iritsi da. Balenziagak, ordea, atepetik atera du Lotiesen errematea. Honenbestez, partida 1-2ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatia ere erritmo biziarekin hasi da, eta talde bakoitzak abagune bana izan du. Andres Fernandezek Adurizen gola eragozti du gelditu bikaina eginda eta 52. minutuan Marc Bertranek egin duen jokaldi bikaina, gora joan den jaurtiketarekin amaitu da. Oso parekatuak izan dira bigarren zatiko lehen minutuak, baina Athletic izan da gola sartzen asmatu duena. 61. minutuan Adurizek sare barrura bidali du baloia Muniainek emandako erdiraketa bikain errematatuz (1-3).

Zuri-gorrien hirugarren golarekin aldeak murrizten saiatu da talde gorritxoa, baina Graciak zuzentzen duen taldeak ez du abagune argiegirik sortu. Osasuna taktikoki desaorekatu egin da, eta Athleticek egoera baliatu du partida kontrolpean izateko. Jokalari gorritxoak ezinean ibili dira, eta ondorioz, Arribasek bigarren txartel horia ikusi du 75. minutuan.

Aurkariak baino jokalari bat gehiagorekin, Athleticek garaipena biribildu du beste bi golekin. Ibai Gomezek egin du 1-4koa 83. minutuan eta Kike Solak 1-5ekoa sartu dio bere talde ohiari, 88. minutuan. Azkenean, Athleticek eraman du Sadarreko euskal derbia (1-5).

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Andres Fernandez, Marc Bertran, Arribas, Loties, Damia. Silva (Torres, 80. min), Lolo (Puñal, 67. min). Cejudo (Acuña, 34. min), De las Cuevas, Armenteros eta Oriol Riera.

5 - Athletic Club: Iraizoz, Balenziaga, San Jose, Gurpegui, Susaeta (Ibai, 79. min). De Marcos, Mikel Rico, Herrera, Iturraspe (Laporte, 74. min). Aduriz (Kike Sola, 84. min) eta Muniain.

Golak: 0-1, 3. min: Susaeta. 1-1, 10. min: Armenteros. 1-2, 15. min: Adúriz. 1-3, 62. min: Aduriz. 1-4, 83. min: Ibai. 1-5, 87. min: Kike Sola.

Epailea: Velasco Carballo.