Itxi

Athletic Club

Asteazkenean (20:45)

Garaipena behar du Athleticek Portoren aurka, itxaropenari eusteko

Erredakzioa

Multzoen fasea bukatzeko hiru jardunaldi geratzen dira, eta Athleticek hirurak irabazi nahi ditu egoerari buelta eman ahal izateko.

  • Porton jokatutako partidaren irudia. Argazkia: EFE

    Porton jokatutako partidaren irudia. Argazkia: EFE

Athleticek Porto hartuko du asteazken honetan San Mamesen, Txapeldunen Ligako multzoen faseko 4. jardunaldiko partidan. Zuri-gorriek puntu bat baino ez dute eskuratu orain arte jokatutako hiru partidetan, eta horregatik garaipena izango dute helburu portugaldarren aurka.

Hurrengo kanporaketarako sailkatzeko aukera gutxi ditu Athleticek, baina taldeak ez du amore eman nahi. Porto H multzoko lidergoan dago, eta Bilbon irabaziz gero final-zortzirenetarako txartela ziurtatu dezake. Porton jokatutako norgehiagokan, portugaldarrak nagusitu ziren (2-1).

Talde zuri-gorriak lau puntura dauka bigarren postua, eta seira aurrenekoa. Multzoen fasea bukatzeko hiru jardunaldi geratzen dira, eta Athleticek hirurak irabazi nahi ditu egoerari buelta eman ahal izateko. Une honetan, Porto eta Shakhtar Donetsk dira aurrera egiteko faboritoak. Berdinketarekin ere sailkatzeko itxaropenari eutsiko lioke Valverderen taldeak, baina aukerak are txikiagoak izango lirateke.

Ligan bi garaipen eskuratu ditu Athleticek, jarraian, eta horrek konfiantza eman dio taldeari. Albiste txarra Aritz Adurizek eman zuen igandean bertan. Garaipenaren gola egin zuen donostiarrak, baina jarraian lesionatu zen. Aurrelaria erabakigarria izaten ari da, eta Athleticek sartutako hamabost goletatik zortzi Adurizek egin ditu.

Guillermok hartuko du, seguru aski, Adurizen lekua. Jokalari gazteak partida ona jokatu zuen Porton, hain zuzen ere, eta gola egin zuen gainera. Iraola, Etxeita eta De Marcos ere hasieratik arituko dira.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico; Susaeta, De Marcos, Muniain; eta Guillermo.

Porto: Fabiano; Danilo, Maicon, Indi, Alex Sandro; Casemiro, Oliver Torres, Hector Herrera; Tello, Brahimi eta Jackson Martinez.

Epailea: Felix Brych (ALE).

Futbol-zelaia: San Mames

Ordua: 20:45