Itxi

Athletic Club

Taldekako fasea

Athleticek agur esan dio Txapeldunen Ligako ametsari

Mikel Dominguez | eitb.eus

Portoko Jackson eta Brahimiren bi golek bukaera eman diote Athleticen abenturari Txapeldunen Ligan. Puntu bakarrarekin, zuri-gorrien aukera bakarra hirugarren geratzea da, Europa Liga jokatzeko.

1:24

Bukatu da txapeldunen ametsa Athleticentzat. Taldekako faseko lau jardunaldietan puntu bakarra lortuta, Bilboko taldeak ez du Txapeldunen Ligan jarraitzeko aukerarik. Zuri-gorriak, hasierako hamaikakoan bost aldaketa sartuta, partida kaskarra egin dute Portoren aurka. Portugaldarrak beti izan dira hobeak.

Porto Athletic baino askoz hobea izan da lehenengo zatian. Erritmo altuarekin eta mugikortasun eta intentsitate handiarekin atera da jokoan, eta lehenengo aukera 3. Minutuan sortu du: Ibaik gora bidali du korner goiztiar bat.

Hala ere, azkar eskuratu du Portok partidaren kontrola. Lehenengo aukeratik, Jacksonen oinetan 11. Minutuan, Lopetegiren taldea nagusi mantendu da. Aurrean, Athleticek ezin izan du baloia berreskuratu, zelaia bezain lokaztuta San Mames euritsuan.

Zelai erditik hasitako jokaldi on bat, 22. minutuan, zuri-gorrien iribarre bakarra izan da, baina Mikel Ricok ezin izan du ondo errematatu. Jarraian, beldurra eragin du berriro Portok, Gorkak gelditutako falta jaurtiketa batean eta hurrengo kornerrean. Gutxigatik ez du sartu Brahimik.

Presio altuarekin jarraitu dute portugaldarrek, Athletic baino erosoago San Mamesen. 35. minutuan, falta jaurtiketa bat huts egin dute, baita izan ez den penalti bat ere 41.ean.

Partida hasieran bezala, Athletic partidaren kontrola berreskuratzen saiatu da bigarren zatian, Iraola eta Munian atsedelandiaren ostean zelairatuta. Bigarren zatia hasi eta gutxira, De Marcosen jaurtiketa bat kanpora joan da.

Beste behin, hala ere, gutxi iraun du zuri-gorrien indarraldiak, eta 56. minutuan sartu du gola Portok. Brahimi arean sartu eta Jacksoni utzi dio baloia, horrek portugaldarren lehenengoa eskuratzeko. Gero, Athletic desagertu da.

Aukera izan du Guillermok 70. minutuan, buruarekin, baina taldea ez da esnatu, eta gidoia ez da aldatu. Iraizozen zorigaiztoko jokaldi bat Brahimiren gola izan da. Zuri-gorriak, futbolik eta final-zortzirenetara igarotzeko aukera matematikorik gabe.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iraizoz; De Marcos, San Jose, Laporte, Balenziaga; Gurpegi, Rico; Susaeta (Muniain, 46. min) Beñat (Iraola, 46. min), Ibai Gomez (Viguera, 72. min); eta Guillermo.

Porto: Fabiano; Danilo, Maicon, Indi, Alex Sandro; Casemiro, Oliver Torres (Ruben Neves, 81. min), Hector Herrera; Tello (Quaresma, 60. min), Brahimi (Adrian Lopez) eta Jackson Martinez.

Golak: 0-1, 67. min: Jackson Martinez. 0-2, 73. min: Brahimi.