Itxi

Athletic Club

Kopako finalerdiak

Itzuliko partidan erabaki beharko du Athleticek (1-1)

S.L. | eitb.eus

Katalanek emaitza ona eskuratu dute San Mamesen, Victor Sanchezek egindako golari esker. Adurizek estreinatu du markagailua, 10.ean.  

01:20

Athleticek eta Espanyolek bana egin dute San Mamesen jokatuko Kopako finalerdietako joanekoan. Emaitza Kataluniako taldeari mesede egiten dio, eta horregatik gogor lan egin beharko dute zuri-gorriek finalerako txartela eskuratzeko.

Aritz Adurizek markagailua estreinatu du 10. minutuan taldearen kontraeraso ona biribilduta. Baloia sakontasunean eman dio Susaetak De Marcosi, honek pase ederra sartu du, eta aurrelari donostiarrak baselinaz gainditu du Pau (1-0).

Golaren ostean, atzera egin du Ernesto Valverderen taldeak eta Espanyolek, ordea, erasoari ekin dio. Baloiaren-jabetza bisitariena zen, baina Athleticek ez du sufritu Victor Sanchezek partida berdindu duen arte (34. minutua). Jokalari katalanak Aurtenetxeren hutsegitea baliatu eta gol ikusgarria egin du. Golak min egin die bilbotarrei.

Atsedenaldira heltzeko bi minuturen faltan, Iker Muniain etxekoen bigarrena egiteko zorian izan da. Ondo jaurti du nafarrak, baina baloia kanpora joan da.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Sergio Garciaren erdiraketak langan jo du. Sergio Gonzalezen taldea Athletic baino erosoago ari zen, eta 56. minutuan 1-2koa sartzeko abagunea izan du Stuanik.

Hala ere, Katedralak bere taldea babestu du aurkariaren areara egindako erdiraketa bakoitzean. 66.ean Viguera eta Aketxe zelairatu dira, Susaetaren eta Muniainen ordez, hurrenez hurren.

Athletic bigarren golaren bila aritu da, eta 75.ean buruarekin saiatu da San Jose, baina gora bidali du. Amaierarako hamar minuturen faltan, Ibaik Iraola ordezkatu du. Valverderen azken aldaketa izan da. 84.ean zutoinera errematatu du Victor Alvarezek. San Mamesek arnasa hartu du.

81.ean gutxigatik ez du Caicedok Espanyolen bigarrena egin, baina Etxeita ondo gurutzatu zaio eta arriskua urrundu du. Ez da gehiagorako denborarik egon.

Itzuliko partida martxoaren 4an, asteazkenean, jokatuko da Bartzelonan (22:00).

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Herrerín; Iraola (Ibai, 80'), Gurpegui, Etxeita, Aurtenetxe; San Jose, Rico; Susaeta (Viguera, 67'), De Marcos, Muniain (Aketxe, 67'); eta Aduriz.

1 - RCD Espanyol: Pau Lopez; Arbilla, Colotto, Hector Moreno, Duarte; Lucas Vazquez, Javi Lopez (Salva Sevilla, 88'), Víctor Sanchez, Víctor Alvarez (Montañes, 90'); Sergio Garcia eta Stuani (Stuani, 70').

Golak:

1-0, 10': Aduriz.

1-1, 35': Victor Sanchez.

Victor Sanchez.