Itxi

Athletic Club

Merezitako garaipena

Athleticek aste bikaina biribildu du Real Madrili irabazita (1-0)

S.L. | eitb.eus

Adurizek sartu du partidako gol bakarra lehen zatiko 26. minutuan. Bigarrenean golaren bila aritu dira zuriak, baina ez dira Iraizoz gainditzeko gai izan.

Athleticek merezitako garaipena eskuratu du Real Madrilen aurka (1-0) San Mamesen jokatutako 26. jardunaldiko neurketan.

Talde zuri-gorriak joko ona eskaini du lehen zatian. Indartsu eta kontzentratuta zelairatu da, eta aurkaria aurreneko minututik estutu du. Ancelottiren taldeak ez du eroso jokatu, eta ez du jokoan jarraitasunik lortu.

Gol-aukera garbienak Athleticenak izan dira, eta golaren bila aritu da behin eta berriro. Etxekoen gola 26.ean iritsi da. Aritz Adurizek buruz errematatu du Mikel Ricoren erdiraketa. Gol ederra donostiarrak sartutakoa.

Atsedenaldira markagailuan aurretik heldu da Ernesto Valverderen taldea, merezita. Real Madril baino gehiago izan da lehenengo 45 minutuetan.

Zuriek beste jarrera bat erakutsi dute lehen zatian, eta Benzema, Bale eta Cristiano jokalariak arriskuarekin hurbildu dira Iraizozen ate ingurura.

Norgehiagoka parekatu egin da eta Athletici sufritzea egokitu zaio. 58.ean banakoaren gola saihestu du Iraizozek, Benzemari baloia kenduta.

Athleticek defentsan egindako lana eta ahalegina handia izan da. 71.ean Cristianok izan du neurketa berdintzeko parada, baina Iraizozek baloia aldaratzea lortu du. Portugaldarrak penaltia eskatu du, baina ez diote ezer egin.

Amaierarako ordu laurden baten faltan, baloia zutoinera bidali du Adurizek, buruz. Partida erabakita uzteko zorian izan da aurrelaria. 82.ean 1-1ekoa salbatu du zutoinak. Balek urrutitik jaurti du, eta gutxigatik ez du Iraizoz gainditu. Aldaratzea Jeseri heldu zaio, baina ezin izan du atera errematatu.

Athleticek aste bikaina biribildu du. Asteazkenean Errege Kopako finalerako txartela erdietsi zuen Espanyol kanporatuta.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Etxeita, Balenziaga; Rico (Toquero, 91'), Beñat; Iraola, Muniain (Susaeta, 65'), Williams (Guillermo, 75'); eta Aduriz.

0 - Real Madril: Casillas; Carvajal, Pepe, Varane, Marcelo; Illarramendi (Jese, 71'), Kroos (Lucas Silva, 75'), Isco; Bale, Benzema (Chicharito, 81') eta Cristiano Ronaldo.

Golak:

1-0, 26': Aduriz.