Itxi

Athletic Club

Garaipena San Mamesen

Urrats erraldoia, Bigarren Mailara bidean (2-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Bilbao Athleticek garaipen oso garrantzitsua lortu du Cadizen aurka, igoerako playoffaren azken kanporaketako joaneko partidan. Gorka Santamariak egin ditu zuri-gorrien bi golak.

1:23

Bilbao Athleticek modu ezin hobean bideratu du Bigarren Mailara igotzeko azken kanporaketa. Zuri-gorriak 2 eta 0 gailendu dira, merezita, San Mamesen Cadizen aurka jokatutako partidan. Gorka Santamaria izan da neurketako protagonista, partidako bi golak berak egin baititu lehen zatian.

Guztira, 32.100 ikusle bildu ditu Athleticen bigarren taldeak Katedralean, eta gustura geratu dira zelaian ikusitakoarekin. Bilbotarrak oso ondo aritu dira lehen zatian: defentsan sendo, eta langile aurrean. Nagusitasun horrek erantzuna izan du markagailuan, 25. minuturako 2 eta 0 izan baitira aurretik.

Atsedenaldiaren ostean, Zigandaren taldeak erritmoa jaitsi du, eta andaluziarrak erasora atera dira, lehen zatian baino gehiago. Ondorioz, Cadizek gola egiteko zenbait aukera sortu ditu, baina Remiro atezaina bikain aritu da eta aurkarien gola ekidin du.

Itzuleko partida igandean, 12:00etan

Azkenean, 2 eta 0 gailendu da Bilbao Athletic, Bigarren Mailara igotzeko urrats erraldoia emanda. Itzuleko partida datorren igandean, hilaren 28an, jokatuko dute Cadizen, 12:00etan, eta ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute.

a> emango dute.