Itxi

Athletic Club

69 urte zituen

Howard Kendall Athleticeko entrenatzaile ohia hil da

L.E. | eitb.eus

Evertonek eman du heriotzaren berri Twitter bidez. Kendall zuri-gorrien entrenatzailea izan zen 1987-88 eta 1989-90 denboraldien artean. 69 urte zituen.

  • Howard Kendall. Argazkia: EiTB.

    Howard Kendall. Argazkia: EiTB.

Howard Kendall Athleticeko entrenatzaile ohia zendu da, 69 urte zituela.

Kendallek 1987 eta 1989 artean zuzendu zuen talde bilbotarra, 102 partidatan. Besteak beste, Josu Urrutia gaur egungo presidenteak debuta egin zuen lehoiekin britainiarra entrenatzailea zenean.

1987-88 denboraldian, Athletic laugarren izan zen eta hurrengoan zazpigarren amaitu zuen, UEFA ere jokatuta.

Ingelesaren hirugarren denboraldian, zuzendaritzak entrenatzaile kargutik kentzea erebaki zuen, 1989ko azaroan, Santiago Bernabeun 4-0 galdu ostean.

Howard Kendall oso ondo moldatu zen Bilboko eguneroko bizitzara, eta bere izaera irekiak eta alaiak lagunduta, oroitzapen onak utzi zituen zale zuri-gorrien artean.

Everton taldeak eman du Kendallen heriotzaren berri, Twitter bidez:

"Tristura handiz, Howard Kendallen heriotzaren berri eman behar dugu. Gure klubak inoiz izan duen kirol zuzendaririk arrakastatsuena izan da, eta Evertonen kamiseta jantzi duen jokalaritik onenetarikoa. Kendall goizean zendu da Sothport ospitalean, senitartekoez inguratuta. Gure pentsamenduak familiarekin daude momentu zail hauetan, eta euren pribatutasuna errespetatzeko eskaria egiten dizuegu".

Athleticek iragarri duenez, urriaren 26an, Sportingen aurka San Mamesen jokatuko duten partidan, jokalariek besoko beltzak eramango dituzte eta minutu bateko isilunea gordeko dute Kendallen omenez.