Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek Partizan jipoitu du San Mamesen (5-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Zuri-gorriak sendo daude L multzoan lider, talde serbiarrari nagusitu ostean. Iñaki Williams (2), Beñat, Aduriz eta Elustondo izan dira golegileak.

1:18

Athleticek sendo jarraitzen du Europa Ligan, eta gero eta gertuago du final-hamaseirenetarako sailkatzea, Partizani San Mamesen 5-1 irabazi ostean.

Valverdek hiru aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, Herrerin, Boveda eta Susaeta hasieratik jarri baititu.

Lehen zati arraroa jokatu dute bi taldeek. Lehen minutuetan, erritmoa mantsoa izan da, sakontasunik gabe aritu dira, baina ondoren, eta bat-batean, hiru gol igo dira markagailura, hiru minutu eta erdian.

Lehenengoa Iñaki Williamsek egin du, 15. minutuan. Jokalari gazteak aurkariek galdutako baloi bat hartu, eta serbiarren atean sartu du. Williamsek San Mamesen egiten duen lehenengo gola izan da.

Bilbotarrek, baina, ez dute golaz disfrutatzeko denborarik izan, hurrengo jokaldian Partizanek gola egin duelako. Oumaruk egin du, jokaldia zalantzazko posizioan hasita.

Handik lau minutura, Athletic berriro jarri da aurretik, Williamsek bigarrena eginda. Beñatek pase bikaina eman dio Adurizi, donostiarrak ezkerraldetik aurrera egin, eta baloia erdiratu, eta Williamsek sareetara errematatu du.

iñaki williams athletic efe

Williamsek berak hirugarrena egiteko aukera argia izan du handik gutxira, baina ez du azken errematean asmatu.

Beñatek, ordea, ez du barkatu, eta zuri-gorriak 3 eta 1 jarri ditu aurretik, falta jaurtiketa baten bidez gola eginda.

Bigarren zatian, lasaiago

Atsedenaldiaren ostean, serbiarrak hobeto kokatu dira zelaian, eta presioa gorago egiten hasi dira. Athleticen unerik eskasenak izan dira. Balenziaga, gainera, hanka sartzeko zorian izan da, Herrerini emandako baloi bat bere atean sartzetik gertu egon baita, baina atezainak azker erantzun du, eta baloia aldentzea lortu du, ia-ia barruan zegoenean.

Minutuak igaro ahala, lehoiek gero eta erosoago jokatu dute. Aritz Adurizek laugarrena egin du 71. minutuan; gol bikaina, Athleticekin egin duen 100. gola.

10 minutu geroago, Elustondok bosgarrena egin du, Athleticen gaua biribiltzeko.

Fitxa teknikoa

5 - Athletic: Herrerín; Bóveda, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat (Elustondo, 73. min); Williams (De Marcos, 63. min), Raúl García (Eraso, 67. min), Susaeta; eta Aduriz.

1 - Partizan: Kljajic; Vulicevic, Fabricio, Balazic (Cirkovic, 26. min), Subic; Jevtovic; Grbic, Babovic, Lukic, Stevanovic; eta Abubakar (Saponjic, 46. min).

Golak: 1-0, 15. min: Williams. 1-1, 17. min: Abubakar. 2-1, 19. min: Williams. 3-1, 40. min: Beñat. 4-1, 71. min: Aduriz. 5-1, 81. min: Elustondo.