Itxi

Athletic Club

3-0

Bilbao Athleticek porrota jaso du Anduvan

Erredakzioa

Mirandesek 3-0 irabazi dio talde zuri-gorriari. Lago Juniorrek sartu du lehen gola eta Salinasek bigarrena. Epaileak Undabarrena egotzi du, 22 minutuan. Carnicerrek partida guztiz erabakita utzi du.

  • Undabarrena, Bilbao Athletic. Argazkia: EiTB

    Undabarrena egotzia izan den unea, Mirandes-Bilbao Athletic partidan. Argazkia: EiTB

Bilbao Athleticek merezitako porrota jaso du Mirandesen aurka (3-0) Anduvan. Etxeko taldea nagusi izan da, eta nahiko erraz gainditu du Zigandak zuzentzen duen taldea. Porrot honekin Bilbao Athleticek ezin izan du bigarren garaipena jarraian lortu eta jaitsiera postuetan jarraituko du.

Hasieratik nagusi izan da Carlos Terrazasek zuzentzen duen taldea eta nagusitasun horrek saria jaso du, 18. minutuan. Lago Juniorrek 1-0ekoa sartu du Mirandes markagailuan aurretik jarriz. Lehen golaren ostean, Mirandesek erasora jo du, eta Bilbao Athleticeko defentsak estuasun asko pasa ditu. Horrela, 23. minutuan, Undabarrenak penaltia egin eta bigarren txartel horia ikusi du. Bilbao Athletic hamar jokalarirekin geratu da. Nestor Salinasek jaurti du penaltia, Jon Ander atezainak jaurtiketa desbideratzea lortu du, baina aldaratzean Salinasek ez du barkatu eta 2-0eko sartu du.

Bigarren zatian ezer gutxi egin ahal izan du Bilbao Athleticek. Bi goleko desabantailarekin eta jokalari bat gutxiagorekin, Zigandak zuzendutako taldea ezinean ibili da. Mirandesek ere ez du abagune argiegirik sortu, baina defentsako lanean sendo ibili da, eta asko sufritu gabe lehen zatian lortutako abantailari eusteko gai izan dira. Gainera, 90. minutuan, Alex Garciak jokaldi ona egin eta Carnicerrek etxekoen garaipena biribildu du, 3-0ekoa sartuta.

Azkenean, Mirandesek lehen zatian lortutako golak zama astunegia izan dira Bilbao Athleticentzat eta hiru puntuak Mirandako taldearentzat izan dira.