Itxi

Athletic Club

2-0 San Mamesen

Athleticek bide onetik heldu dio Ligari, Levanteri irabazita

Agentziak | Erredakzioa

Mikel San Josek eta Iñaki Williamsek egin dituzte partidako bi golak. Horrez gain, Iker Muniain berriro taldearekin aritu da, bigarren zatian zelaira atera ostean.

  • Mikel San Josek partidako lehen gola egin du. Argazkia: Efe.

    Mikel San Josek partidako lehen gola egin du. Argazkia: Efe.

Athleticek begi-bistan ditu Europan jokatzeko eskubidea ematen duten postuak, Levanteri San Mamesen 2 eta 0 irabazi eta gero. Bilbotarrak jaun eta jabe izan dira bigarren zatian, Mikel San Josek eta Iñaki Williamsek egindako golekin.

Lehen zatian, Athletic gehiago iritsi da valentziarren ate ingurura, baina Levantek izan ditu aukerarik argienak. Susaetak gora bidalitako erremate batekin iritsi dira atsedenaldira. Neurketak itxura hobea zuen ordurako Levanterentzat.

Bigarren zatia, baina, gurutze-bidea izan da valentziarrentzat; batez ere lehen 10 minutuetan, Athleticek gola egin duen arte. Zuri-gorriak aurkariaren zelaian sartu dira, eta arriskua sortu dute, kornerretan bereziki.

Laugarren kornerraren ondorioz iritsi da lehen gola. San Jose Simaori aurreratu zaio area barruan, eta baloia buruarekin jo du, 1 eta 0ekoa egiteko. Kornerra Beñatek atera du.

Williamsen gola eta Muniainen berragerpena

Moralesek aukera izan du Levanterentzat, baina jaurtiketa gora joan zaio. Zuri-gorriek, baina, ez dute barkatu. Adurizek pase bikaina eman dio Williamsi, eta aurrelari gazteak Mariño gainditu du Athleticen bigarrena egiteko.

Emaitza ziurtatuta, Valverdek Iker Muniain sartu du zelaian, zortzi hilabeteko lesioa gainditu ostean. Nafarrak ere aukera izan du, baina ez du asmatu baloia ate barruan sartzeko orduan.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat; Williams (Muniain, 87. min), Raúl García (Bóveda, 85. min), Susaeta (Mikel Rico, 74. min); eta Aduriz.

0 - Levante: Mariño; Pedro López (Deyverson, 78. min), Navarro, Feddal, Toño; Simao (Verza, 69. min), Camarasa, Lerma; Xumetra (Morales, 69. min), Ruben Garcia eta Ghilas.

Golak: 1-0, 55. min: San Jose. 2-0, 82. min: Williams.