Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Williams, Susaeta eta San Jose, Athleticen Marseillarako zerrendan

Agentziak | Erredakzioa

Ander Iturraspe, aldiz, ez da deialdian sartu. Larunbatean Bernabeun titular irten zen Iturraspe, baina bigarren zatian aldatu zuen Valverdek arduragatik. Ostegunean jokatuko du Athleticek (21:05ean).

0:41

Iñaki Williams, Markel Susaeta eta Mikel San Jose ez ziren Athleticen larunbateko deialdian sartu (Williams eta San Jose zigortuta zeuden, eta Susaeta gaixo), baina Olympique Marseillaren aurkako partidarako zerrendan sartu ditu Valverdek, eta baliteke hirurak hamaikakora bueltatzea. Lehoiek ostegunean jokatuko dute Marseillan, 21:05ean, Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partidan. Ander Iturraspe eta Borja Viguera, aldiz, deialditik kanpo geratu dira; gauza bera gertatzen zaie Raul Garciari eta Ibai Gomezi, oraindik ez baitaude erabat sendatuta. Athletic asteazken honetan abiatuko da Marseillara, eta mila bat zale zuri-gorri joango dira Marseillara Athletic animatzera.

Olympiquek ezingo du zelairatu titularretako bat, Brice Dja Djedje eskuineko hegalekoa, lesionatuta baitago, eta Benjamin Mendy ezkerreko hegalekoa eta Lucas Ocampo ere min hartuta daude, eta ez omen dute Athleticen kontrako partida jokatuko.

Olympique ez dabil ondoegi bere zelaian; etxetik kanpo, ordea, emaitza oso onak lortzen ari da. Michelek eta Rafa Alkortak zuzentzen duten taldea denboraldi gorabeheratsua ari da egiten, baina apurka-apurka suspertzen ari da, eta gero eta hobeto dabil. Une honetan, hamaikagarren postuan dago Frantziako Ligan, eta Europako postuak lau puntura ditu; atzealdean sendo daude, eta hala erakusten du orain arte 27 gol bakarrik jaso izana (Frantzian 26 partida jokatu dituzte jada Ligan).

Joaneko partidan emaitza ona lortzen ahaleginduko da Athletic, baina itzulerakoan, datorren ostegunean (otsailak, 25), 19:00etan, erabakiko da kanporaketa, San Mamesen.