Itxi

Athletic Club

Heriotza

Rafa Iriondo Athleticeko mitoa hil da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Athleticen historiako aurrealde gogoangarriena osatu zuen, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzarekin batera. 97 urte zituela hil da.

1:28

Rafa Iriondo Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohia hil da asteazken honetan, 97 urte zituela.

Iriondok (Gernika, 1918-10-24) eskuin hegalean jokatzen zuen. Athleticek bere historian izan duen aurrealde gogoangarrienaren partaide izan zen, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzarekin.

13 denboraldi egin zituen Athleticen. Guztira 326 partida jokatu eta 117 gol sartu zituen.

Athleticen partida gehien jokatu duen 35. Jokalaria da; eta goleatzaileen zerrendan, 15.ena.

1940ko irailaren 29an, 22 urte zituela, egin zuen debuta talde zurigorriarekin, Valentziaren aurkako norgehiagoka batean. Bina amaitu zen etxetik kanpo jokatutako partida.

Iriondok sei titulu eskuratu zituen Athleticekin: Liga bat, lau Kopa eta Eva Duarte Kopa bat.

Gernikan, Bilbao Athleticen eta Atletico Tetuanen ere aritu zen. Athletic utzi ostean, beste bi urtez jarraitu zuen jokatzen, lehendabizi Barakaldon eta gerora Realean.

Entrenatzaile moduan, bi sasoi ezberdinetan zuzendu zuen Athletic: 1968-1969 eta 1975-1976 denboraldietan. Realaren (1972-1974) eta Betisen (1976-1978) entrenatzaile ere izan zen.

Aipatzekoa da Betiseko entrenatzaile zela, 1977an, Athletici gailendu zitzaiola Kopako final batean. Partida bina bukatu zen, baina penaltietan talde andaluziarrak irabazi zuen.