Itxi

Athletic Club

Valentzian galdu arren

Asko sufrituta, baina Athletic final-laurdenetan da

Agentziak | Erredakzioa

Joaneko emaitzari esker pasa dira bilbotarrak, partida txarra jokatu eta Mestallan 2 eta 1 galdu ostean. Aritz Adurizek bere zortzigarren gola egin du Europa Ligan.

  • Aduriz, zuri-gorrien golegilea. Argazkia: Efe.

    Aduriz, zuri-gorrien golegilea. Argazkia: Efe.

Adurizek egindako golak Europa Ligako final-laurdenetarako txartela eman dio Athletici, zuri-gorriek Valentzian 2 eta 1 galdu duten arren. San Mameseko joanekoan, 1 eta 0 gailendu ziren bilbotarrak. Adurizen golaren jokaldian, Susaetak baloia eskuarekin ukitu du.

Valentziarrek kanporaketa iraultzea lortu dute lehen zatian, bi gol eginda, baina partida erabakita uzteko aukerak izan dituzten arren, ez dute asmatu. Egindako hutsak garesti ordaindu dituzte bukaeran.

Gary Nevilleren taldea izan da lehena gola egiten. Lehen laurdena betetzear egon denean, Santi Minak kanporaketa berdindu du, Herrerinen aldaratzea aprobetxatua eta baloia bilbotarren atean sartuz.

Ondoren, Valentziak baloiaren jabetza Athletici utzi dio baina inork ez du jokoaren kontrola izan. 25. minutuan Muniainek min hartu eta zelaia utzi behar izan du. Susaeta atera da bere ordez.

Mestallako taldeak aurrera egin eta arriskua sortu du, eta ekinak saria izan du Santosek buruz egindako golarekin. Erdiraketa Jose Luis Gayarena izan da.

Valentziaren hutsa eta Adurizen gola

Minutu batzuk geroago, Andre Gomesek sekulako aukera huts egin du valentziarrek hirugarren gola sartzeko.

Bigarren zatiaren erdia aldera, partida zertxobait lasaitu da, baina Athleticek ez du etsi eta Adurizek gola egin du amaierarako 15 minuturen faltan. Susaetak eskuarekin ukitu du baloia jokaldi horretan bertan.  Azken minutuetan sufrimendua izan da nagusi, baina Athleticek ondo eutsi dio Valentziari eta bilbotarrak final-laurdenetan dira.

 

Fitxa teknikoa

2 - Valentzia: Ryan, Vezo, Mustafi, Aderlan Santos, Gayá, Danilo, Javi Fuego (Parejo, 69. min), André Gomes (Alcácer, 83. min), Santi Mina, Rodrigo (Feghouli, 74. min) eta Negredo.

1 - Athletic: Herrerín, De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga (Lekue, 75. min), San José, Beñat, Muniain (Susaeta, 25. min), Sabin Merino (Iturraspe, 75. min), Raúl García eta Aduriz.

Golak: 1-0, 13. min: Santi Mina. 2-0, 37. min: Aderlan Santos. 2-1, 75. min: Aduriz.

 

t="utf-8">