Itxi

Athletic Club

Ultra arriskutsuak

Rapid Vienak 800 zaleren babesa izango du Bilbon

Erredakzioa

Austriako taldeak Athleticen aurka jokatuko du ostegunean San Mamesen. Zaleen artean UEFAk behin baino gehiagotan zigortu dituen ultra arriskutsuak izango dira.

  • Rapid Vienako ultrak. Argazkia: EFE

    Rapid Vienako ultrek Valentzia iraintzeko atera zuten pankarta. Argazkia: EFE

Athleticek ostegun honetan jokatuko du Europa Ligako bigarren jardunaldiko partida Rapid Viena taldearen aurka San Mamesen. Zuri-gorriek garaipena behar dute, lehen jardunaldian 3-0 galdu baitzuten Sassuoloren aurka.

Austriako taldeak 800 zaleren babesa izango du Bilbon eta zale hauen artean ultra talde bat ere gerturatuko da Bizkaiko hiriburura. Rapideko ultrak oso arriskutsuak dira, eta indarkeria erabili dute sarritan. UEFAk hainbat aldiz zigortu du kluba bere ultrek eragindako liskarren ondorioz. Iragan denboraldian, adibidez, Valentziaren aurkako pankartak atera zituzten Rapideko ultrek: "Puta Valencia" jartzen zuen pankarta batek eta Valentziako bi langileren izenekin ere atera zuten beste pankarta bat, langileok irainduz. UEFAk 20.000 euroko isuna ezarri zion Rapid Vienari. 2012. urtean Rapideko ultrek bengalak jaurti zituzten PAOKen aurkako Europa Ligako partidan eta UEFAk 75.000 euroko isunarekin eta zelaia partida batez ixtearekin zigortu zuen Austriako taldea.

Arrisku handiko partida izango da San Mamesen jokatuko dena, eta zale zuri-gorriak oraindik oroitzen dira Austria Vienako ultrek 2012an Athleticen aurkako kanporaketan eragindako liskarrekin. Bilbon istiluak izan ziren, eta Vienako partidan ultrek zelaira jauzi egin zuten, une batez norgehiagoka bertan behera geratu behar izan zelarik.

Gainera, Austriako Ligan Rapideko eta Austria Vienako zaleek borrokaldi gogorrak izan dituzte behin baino gehiagotan.