Itxi

Athletic Club

Raul Garcia, azkena

Athletic, ia bi urte fitxaketak egin gabe

Erredakzioa

2015. urteko abuztuaren 30ean Raul Garcia fitxatu zuen Bilboko klubak eta hori izan da azken fitxaketa. Urte horretan Gorka Elustondo, Eneko Boveda eta Javier Eraso ere fitxatu zituen Athleticek.

  • Raul Garcia. Argazkia: EFE

    Raul Garcia. Argazkia: EFE

Athleticek uztailaren 3an ekingo dio denboraldiaurreari Lezaman eta entrenamenduak hasteko sei egun besterik falta ez direnean talde zuri-gorriak ez du fitxaketarik egin 2017-2018. denboraldirako. Alex Berenguer (Osasuna) eta Mikel Merino (Borussia Dortmund) dira zuri-gorrien interesa piztu duten jokalariak, baina momentuz ez dago ezer itxita.

Ia bi urte daramatza Athleticek lehen talderako fitxaketarik gauzatu gabe. Azken fitxaketa Raul Garciarena izan zen, 2015eko abuztuaren 30ean. Athleticek 10 milioi euro ordaindu zizkion Atletico Madrili; 8 milioi alde batetik eta bi milioi helburuen arabera. Uda horretan bertan Gorka Elustondo fitxatu zuen Realetik (libre) eta Eneko Boveda (Eibar) eta Javier Eraso (Leganes) jokalarien kontratazioak ere itxi zituen.

2014. urteko udan fitxaketa bakarra egin zuen talde zuri-gorriak: Borja Viguera erosi zion Alavesi milioi bat euroko etete-klausula ordainduta. Bigarren Mailako pitxitxia izan zen Viguera.

2013. urtean beste lau fitxaketa egin zituen Athelticek: Elxen ibili zen Xabier Etxeita eta Valladoliden jokatu zuen Mikel Balenziaga eraman zituen. Ondoren, Mikel Ricoren fitxaketa itxi zuen Granadari 2,8 milioi euro ordainduta eta azkenik Beñat Etxebarria fitxatu zuen Betisi 8 milioi euro ordaindu ostean.