Athletic Club
3. JARDUNALDIA
Athleticek irabazi egin du Eibarren aurkako euskal derbia
AGENTZIAK / ERREDAKZIOA
Unai Lopezen bi golek denboraldiko lehen hiru puntuak eman dizkiete zuri-gorriei; Eibarrek, berriz, partidarik irabazi gabe jarraitzen du.
-
Athletic, Unai Lopezen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 1-2 irabazi dio Eibarri igande honetan Ipuruan jokatu den euskal derbian, Santander Ligako hirugarren jardunaldian. Zuri-gorrien bi golak Unai Lopezek egin ditu; etxeko taldearen gola, berriz, Kike Garciarena izan da, denboraldiko bigarrena. Gol horrek behin-behineko berdinketa ekarri du lehiara, baina bilbotarrek gola egin dute berriro, hiru puntuak eman dizkiena.
Horrez gain, Cordero Vega epaileak beste behin gelditu behar izan du partida, Diopek Cordobari izterra nahita ala nahi gabe zapaldu dion erabakitzeko. Azkenerako, txartel horia ikusi du Eibar taldeko senegaldarrak jokaldi horregatik.
Horrenbestez, Gaizka Garitanoren taldeak denboraldiko lehen hiru puntuak lortu ditu, bi partida jokatu dituenean, Bartzelonaren aurkako bigarren jardunaldiko norgehiagoka urtarrilera arte atzeratu baita. Bestalde, Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak puntu bakarrarekin jarraitzen du sailkapenean.
Fitxa teknikoa:
1- Eibar: Dmitrovic; Correa (Tejero, 71. min), Paulo Oliveira, Bigas, Kevin Rodrigues; Diop, Recio (Quique González, 46. min), Expósito; Kadzior (Pedro León, 46. min), Inui, (Arbilla, 84. min) eta Kike García (Muto, 90. min).
2 - Athletic: Unai Simón; Capa, Núñez, Iñigo Martínez, Yuri; Unai López (Vesga, 93. min), Dani García, Williams (Córdoba, 85. min); Muniain (Sancet, 85. min), Morcillo (Villalibre, 58. min) eta Raúl García.
Golak: 0-1, 40. min, Unai López; 1-1, 48. min, Kike García; 1-2, 87. min, Unai López.
Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Pape Diop (Eibar) eta Gaizka Garitano (Athletic).