Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Bigarren zati on batek garaipena eman dio Athletici Cadizen aurka (3-0)

I. G. | EITB MEDIA

Lehen zatian abaguneak bai, baina golik ez izan ondoren, bigarrenean Guruzeta, Villalibre eta Iñaki Williamsen eskutik 'lehoiek' euren saria aurkitu dute.

  • Guruzeta bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Guruzeta bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Cadizi 3-0 irabazita larunbat honetan San Mamesen, EA Sports Ligako bosgarren jardunaldian. Lehen zatian abaguneak bai, baina golik ez izan ondoren, bigarrenean Guruzeta, Villalibre eta Iñaki Williamsen eskutik 'lehoiek' euren saria aurkitu dute.

Athletic - Cadiz partidako laburpena

Partidako lehen minutuetan bi taldeetako batek ere ez du bestea gainditu. Athleticek partidaren agintea hartu du eta baloiaren jabetza eskuratu du, areara egon diren hurbilketa gutxiak izanez, baina arrisku handirik sortu gabe.

Lehen aukera argia 24. minutuan iritsi da, Guruzetak Muniainek ateratako falta ondo errematatu duenean, baina burukada erdiratuegi atera zaio eta Ledesmak ez du arazorik izan baloia gelditzeko.

Minutu gutxira, 'lehoien' beste aukera argi bat markagailua irekitzeko zorian izan da. Berenguerrek ezkerretik jarri du erdiraketa eta Sanceten burukadak langa jo du.

Berenguer bera urruneko jaurtiketa batekin saiatu da eskuineko eskuadraren bila, atezainarentzat iritsi ezina, baina jaurtiketa kanpora joan zaio.

Atsedenaldiaren atarian, Sancetek partidako argiena izan du, aurrez aurre Ledesmaren aurka, baina nafarrak langara jaurti du baloia berriz. Berenguer aldaratzea aprobetxatzen saiatu da, baina ez du zorterik izan.

Bigarren zatian Paredesek izan du lehen abagunea. Atzelariak ondo errematatu du kornerra, baina ez du norabidea ematean asmatu.

Sancet saiatu da hirugarrenean, baina aukera horrek ere ezin izan du golean bukatu, eta Guruzetak jasotako aldaratzea Cadizeko defentsa batek atera du goleko linea beretik.

Athleticen tematzeak saria aurkitu du 66. minutuan. Oscar de Marcosek erdiraketa jarri du eskuinetik bigarren zutoinera eta Guruzetak, bakar-bakarrik, eroso errematatu du gola sartzeko (1-0).

Eta handik bi minutura Villalibrek bigarren gola sartu du Athleticentzat. Williamsek pasea egin du atzera eskuinetik eta defentsak gaizki urrundu du, 'bufaloa'ren burukadan amaituz (2-0).

Cadizen aldetik, aukera bakarra Maxirena izan da, Unai Simonen eskuetan amaitu duena. Atezain euskaldunak berriro jardun behar izan du talde bisitariaren falta zuzen bat gelditzeko.

90 minutuen buruan, Iñaki Williamsek azken gola sartu du Villalibreren asistentzia jaso ondoren (3-0).

Fitxa teknikoa

3 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Yeray, 67. min), Yuri; Ruiz de Galarreta (Unai Gomez, 81. min), Vesga, Sancet (Herrera, 81. min); Iñaki Williams, Guruzeta (Villalibre, 68. min) eta Berenguer (Muniain, 63. min).

0 - Cadiz: Ledesma; Iza, Luis Hernandez, Fali, Javi Hernandez; Escalante, Alcaraz (Alex Fernández, 77. min), Ivan Alejo (Maxi Gomez, 59. min), Sobrino (Robert Navarro, 59. min); Roger (Machis, 59. min) eta Chris Ramos (Negredo, 77. min).

Golak: 1-0, 66. min: Guruzeta. 2-0, 68. min: Villalibre. 3-0, 91. min: Iñaki Williams.

Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez. Tartel horia atera die Paredes, Fali, Alcaraz, Maxi Gomez eta Javi Hernandez jokalariei.