Itxi

Athletic Club

Erregina Kopa

Athleticek 1-4 irabazi du Granadan, eta Erregina Kopako final zortzirenetarako sailkatu da

EITB MEDIA

Nahikarik, lehen zatian, 0-1ekoa egin du, eta bigarren zatian, etxeko taldeak berdinketa jarri ostean, Pinedok, Amezagak eta Elexpuruk sartu dituzte Bilboko taldearen gainerako golak.

2:44
Athletic Club

Athleticek 1-4 menderatu du Granada Los Carmenes futbol zelaian, ostegun gauean, 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako hirugarren kanporaketan, eta, horrenbestez, txapelketa horretako final zortzirenetarako sailkatu da. Nahikarik, lehen zatian, 0-1ekoa egin du, eta bigarren zatian, etxeko taldeak berdinketa jarri ostean, Pinedok, Amezagak eta Elexpuruk sartu dituzte Bilboko taldearen gainerako golak.

Bizkaiko taldea aurkaria baino gehiago izan da, eta merezitako garaipena eskuratu du F Ligako hamabosgarren postuan dagoen taldearen kontra. Athleticek aurreneko aldiz irabazi du etxetik kanpo denboraldi honetan, eta, emaitza honi esker, zuri-gorriak Realarekin eta Alavesekin batera izango direla final zortzirenetako zozketan. Nahikariren lesioa izan da okerrena, aurrelariak berdegunea utzi behar izan baitu 36. minutuan; Bibiane Schulze, aldiz, denboraldian estreinakoz zelairatu da, izandako lesioa gaindituta.

Athleticek oso ondo ekin dio kanporaketari; izan ere, Nahikarik 11 minutu besterik ez ditu behar izan euskal taldea aurretik jartzeko. Burukada eder baten bidez egin du, Ane Elexpururen erdiraketa polita baliatuta. Atzelari bilbotarrak neurketa bikaina egin du, eta, gainera, bigarren zatiko ia luzapenean, lehen taldearekin sartu duen aurreneko gola egin du; fin aritu da eskuinaldetik, eta garaipenaren gakoetako bat izan da Elexpuru. Athletic bigarrena sartzetik gertu izan da lehenengo zatian; Sara Ortegak oso gutxigatik ez du sartu 0-2koa, eta 24. minutuan, korner batean, baloia Granadaren ateko langara joan da.

Atsedenaldiaren ostean, Aznarren jokalariak aurreneko zatiaren ildo beretik jarraitzeko asmoz zelairatu dira, baina, Naimaren jokaldi trebe batean, banakoa iritsi da, 51. minutuan. Granadako aurrelariak Mariasun Quiñonesen gainetik kokatu du baloia, erremate zail batean, eta berdinketako gola sartu du. Etxeko taldeak Athletic estutu du orduan, eta atezain hondarribiarra ondo ibili da jokaldi batzuetan; ematen zuen kanporaketa zailtzen ari zitzaiola Athletici, kontuan izanik aurkaria gero eta hobeto ari zela jokatzen.

Kanporaketako jokaldirik erabakigarriena 64. minutuan iritsi da. Une horretan, Clara Pinedok 1-2koa sartu du, jaurtiketa gogor bat eginda, eta gol horrek konfiantza handia eman dio Athletici. Zuri-gorriek ondo jokatu dute amaierara arte, eta beste bi aldiz eraman dute baloia Granadaren sareetara; Jone Amezagak 77. minutuan erdietsi du hori egitea, eta Elexpuruk 89.ean. Hala, Athletic Erregina Kopako final zortzirenetan da; Bilboko taldearen asmoa izango da aurreko denboraldian egindakoa gainditzea, alegia, finalera heltzea.