Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek 98. minutuan eta penaltiz menderatu du Celta San Mamesen, partida ero batean (4-3)

EITB MEDIA

Sancetek, Guruzetak (bi aldiz) eta Berenguerrek egin dituzte zuri-gorrien golak; barañaindarrak sartu du erabakigarria. Athletic 0-1 eta 1-2 ibili da galtzen, eta Celta oso arriskutsu aritu da erasoan. Unai Simonek penalti bat gelditu du emaitza 3-3koa zela.

  • San Mameseko zaleek lau gol ospatu dituzte, Athleticekin batera. Argazkia: EFE.

    San Mameseko zaleek lau gol ospatu dituzte, Athleticekin batera. Argazkia: EFE.

Athleticek 4-3 menderatu du Celta, San Mamesen, ostiral gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako hamahirugarren jardunaldian. Oihan Sancetek, Gorka Guruzetak (bi aldiz) eta Alex Berenguerrek sartu dituzte Athleticen golak. Zuri-gorriek 98. minutuan lortu dute garaipena, Berenguerrek sareetara bidalitako penalti baten bidez, norgehiagoka ero baten azken jokaldian. Zuri-gorriak 0-1 eta 1-2 izan dira galtzen, eta Rafa Benitezen taldea ondo aritu da erasoan, baina Unai Simon ere izan da gakoa; Murgiako atezainak, 72. minutuan, markagailua 3-3 zihoala, ezin hobeto gelditu dio penalti jaurtiketa bat Iago Aspas Galiziako taldeko kapitainari.

Athletic-Celta partidako laburpena (4-3)

San Mamesen jokatutako ia 100 minutuetan, zazpi gol izan dira, baliorik gabe utzitako bi gol, bi penalti eta hainbat jokaldi polemiko. Hiru puntu horiek eskuratuta, Ernesto Valverderen taldeak 24 puntu ditu dagoeneko. Zuri-gorriek buru-belarri egin dute lan ostiral honetako hirurak eskuratzeko, baina Celtak ere merezi izan du zerbait; lehen zatian, Vigoko taldea gehiago izan da, eta bigarren zatian, hiruna berdinduta, ematen zuen kanpokoak Athletic baino finago zebiltzala areara iristeko.

Golak sartu dituzten jokalariez gain (Guruzetak sei daramatza), Simon kenduta, Nico Williamsek egindako partida ederra nabarmendu behar da. Iruindarrak Athleticeko aurreneko hiru goletan parte hartu du, eta, ezkerretik sartuz, etengabe estutu du aurkarien atzealdea. Nicok sasoi betean jarraitzen du, Athleticen mesederako.

Lehen zatian, Celtak joko sakona eta azkarra egin du, eta Athletic ez da batere eroso ibili. Galiziako taldea hobeto zebilen berdegunean lehen minutuetan, eta, azkenean, 26. minutuan, Aspasek, ezkerkada polita eginez, 0-1ekoa egin du. Baloiak zutoina jo du, Unai Simonen atean sartu aurretik.

Athletic berehala suspertzen saiatu da, eta Oihan Sanceten golaren bidez erdietsi du, 37. minutuan. Nafarra trebe aritu da area ertzean, Nico Williamsen jokaldi bat baliatzeko.

Minutu gutxi gelditzen ziren atsedenaldirako, baina partida, puntu horretan, erabat kontrolik gabe zegoen, eta beste bi gol izan dira lehenengo zatia amaitu aurretik. Bambak egin du aurrenekoa, Celtarentzat, areaz kanpotik egindako jaurtiketa on bat sareetara bidalita, eta Guruzetak jarri du binakoa, Nicok jokaldi ona burutu ostean.

Athletic Celta baino sendoago zelairatu da bigarren zatian, eta Valverderen gizonek handik gutxira eskuratu dute saria; izan ere, Guruzetak 3-2koa egin du, aldaratze bat aprobetxatuta. Ematen zuen zuri-gorriek gertu zutela laugarrena, baina bisitariek, Iago Aspasek egindako eta Strand Larsenek burututako jokaldi batean, hirunakoa sartu dute.

Oraindik ere, beste bi jokaldi erabakigarri izan dira. 72. minutuan, baloiak area barruan Guruzetaren eskua jo ostean, Celtak aldeko penaltia izan du, baina Unai Simonek, geldiketa ezin hobea eginda, Aspasen jaurtiketa desbideratu du. Luzapenean, 98. minutuan, Berenguer Mingueza gainditzen saiatu da, arean; baloiak Vigoko taldeko jokalariaren eskua jo du, eta futbolari nafarrak berak, burua hotz eta segurtasun handiz, laugarren aldiz bota du baloia barrura eta garaipena eman dio Athletici.

Fitxa teknikoa

4 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue; Vesga (Dani Garcia, 79. min), Galarreta; Iñaki Williams (Berenguer, 79. min), Sancet (Unai Gomez, 85. min), Nico Williams; Guruzeta (Raul Garcia, 79. min).

3 - Celta: Guaita; Kevin Vazquez, Starfelt, Unai Nuñez, Manu Sanchez; Mingueza, Fran Beltran (De la Torre, 68. min), Dotor, Bamba (Cervi, 83. min); Aspas eta Larsen (Douvikas, 89. min).

Golak: 0-1, 25. min: Iago Aspas. 1-1, 37. min: Sancet. 1-2, 41. min: Bamba. 2-2, 50. min: Guruzeta. 3-2, 52. min: Guruzeta. 3-3, 66. min: Larsen. 4-3, 98. min: Berenguer (penaltiz).

Epailea: Juan Luis Pulido Santana (Las Palmas). Txartel horia atera die Unai Simon (55. min) eta Raul Garcia (92. min) Athleticeko jokalariei, eta Aspas (39. min) eta Guaita (94. min) Celtakoei.

Gertakariak: EA Sports Ligako hamahirugarren jardunaldiko partida. 44.435 zale izan dira San Mamesen.