Itxi

Athletic Club

KOPAKO FINALAURREKOA

Athleticek lehen kolpea eman nahi du Metropolitanon, Nico Williams egon ala ez

AGENTZIAK | EITB Media

Iñaki Williams bere onera etorri da, eta prest dago Kopako finalaurreko joaneko partidan Atletico Madrilen aurka lehiatzeko. Nico Williamsek jokatu ahal izango duen, berriz, zalantzan dago. Ernesto Valverdek jokalari guztiak sartu ditu deialdian.  

  • Nico Williams Bartzelonaren aurkako partidan, San Mamesen. Artxiboko argazkia: EFE

    Nico Williams Bartzelonaren aurkako partidan, San Mamesen. Artxiboko argazkia: EFE

Athletic eta Atletico Madril aurrez aurre izango dira asteazken honetan, Kopako finalaurrekoaren joaneko partidan. Williams anaiek min hartuta amaitu zuten Bartzelonaren kontrako norgehiagoka. Iñaki errekuperatu egin da, eta jokatzeko moduan izango da; Nicoren partehartzea, berriz, zalantzan dago. Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak jokalari guztiak sartu ditu deialdian.    

Horrez gain, Diego Simeonek kritikatu du bere taldeak Athleticek baino atseden-egun gutxiago izan dituela partida prestatzeko, eta adierazpen horiek nolabaiteko polemika piztu dute, norgehiagokaren atarikoan.

Athleticek joan den ostiralean jokatu zuen, eta 4-0 irabazi zion Mallorcari. Simeoneren taldeak, ostera, igandean lehiatu zen Real Madrilen kontra, eta bana bukatu zuten. Gauzak horrela, Ernesto Valverderen taldeak bi egun gehiago izan ditu indarrak berreskuratzeko eta Kopako partida prestatzeko.

Edonola ere, partida gogorra aurreikusten da; izan ere, etxean jokatu dituen azken 28 partidatatik, 26 irabazi ditu, eta bi berdindu. Entrenatzailea Simeone denetik, Athleticek ez du inoiz mendean hartu Atletico, ez Metropolitanon, ezta Vicente Calderon estadio zaharrean ere. Talde zurigorriak 2011n lortu zuen azkeneko garaipena Madrilen.

Hala eta guztiz ere, lehiaketa denak eta azken hamar norgehiagokak kontutan hartuz gero, balantzea parekatua da: bi taldeek launa partida irabazi dituzte, eta bina berdindu. Joan den abenduaren 16an, esaterako, Valverderen mutilak 2-0 nagusitu ziren.   

Bestalde, Iñaki eta Nico Williams Mallorcaren aurkako lehian lesionatu ziren. Lehendabizikoak onera egin du, eta Madrilen izango da. Alabaina, Nicok min hartuta jarraitzen du, eta oraindik ez dute argitu jokatzeko prest izango den ala ez.

Gainerakoan, Valverdek jokalari guztiekin kontatu ahal izango du, baita Alex Berenguerrekin ere, lesioa gainditu baitu.   

Balizko hamaikakoak

Atletico Madril: Oblak; Molina edo Llorente, Witsel, Hermoso, Reinildo; De Paul, Koke, Barrios, Lino; Griezmann eta Morata edo Memphis.

Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Prados, Galarreta; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams edo Adu Ares; eta Guruzeta.

Epailea: Hernandez Hernandez (Las Palmas).

Estadioa: Cívitas Metropolitano.

Ordua: 21:00