Itxi

Athletic Club

EA SPORTS LIGA

Athletic Txapeldunen Ligatik urrundu da, Atleticoren etxean galduta (3-1)

L. E. A. | EITB MEDIA

Rodrigo de Paul, Correa eta Samu Lino izan dira etxeko taldearen golegileak, eta Nico Williamsek egin du bisitarien gola. Atletico 6 puntura du orain Athleticek, jokatzeko 15 geratzen direnean.

  • Samu Lino eta Nico Williams, partidako golegiletako bi

    Samu Lino eta Nico Williams, partidako golegiletako bi. Argazkia: Efe.

Athleticek 3 eta 1 galdu du Metropolitanon EA Sports Ligako 33. jardunaldian Atletico Madrilen aurka jokatutako partida. Lehoiek aukera paregabea galdu dute Txapeldunen Ligako lehian aurrerapauso handi bat emateko.

Norgehiagokaren atarian, Atletico Madrilek Raul Garcia omendu du. Atleticoren jokalari ohiak erretiroa hartuko du denboraldiaren amaieran.

Lehen zati ona egin dute zuri-gorriek, eta horren erakusgarri izan da baloiak etxekoen zelaian eman duela denbora gehien. Lehoiek aurkariak baino garaipen gose handiagoa erakutsi dute; hala ere, Simeoneren taldeak hartu du aurrea markagailuan.

Aurretik, 4. minutuan, norgehiagokako lehen abisua bisitariek eman dute, Paredesek areara sartu duen baloi batean, baina Iñaki Williamsen errematea, boleaz, desbideratuta joan da.

Neurketako 14. minutuan, etxeko taldeak gola egin du, zorigaiztoko jokaldi batean. Rodrigo de Paulek jaurtiketa egin du, baloiak Ruiz de Galarretaren gorputzean jo du eta Unai Simonen atean sartu da. Sari potoloegia Atleticorentzat, ordura arte ikusitakoaren arabera.

Berdinketa eskura izan du Athleticek 29. minutuan. Dani Vivianek baloia erdiratu du, eta Guruzetak Sanceti utzi dio, nafarrak jaurtiketa egiteko. Errematea kanpora joan zaio gutxigatik.

Atsedenadiaren atarian, Athleticek ez du hutsik egin. Griezmannek huts egin du baloia atzera pasatu duenean, Iñaki Williamsek kontrolatu, eta kontraerasoa hasi du. Baloia Guruzetari iritsi zaio, horrek Nicori utzi dio arean barruan, eta Williams txikiak 1 eta 1ekoa egin du. Aurreko jokaldi batean, epaileak partida eten behar izan du Nicoren aurkako irainak egin baitituzte harmailetatik.

Bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, Atleticok bigarren gola egin du. Kokeren paseak bizkarrez harrapatu ditu Athleticeko bi zentralak, Correak bikain kontrolatu du baloia, eta Unai Simon gainditu du, bere taldea markagailuan berriro aurreratzeko. Bi aukera izan ditu Atleticok, eta bietan zulatu du Athleticen atea.

69. minutuan, Galarreta lesionatuta atera da zelaitik, eta Valverdek Mikel Vesga sartu du haren lekuan. Aurretik, Berenguer, Muniain eta Herrera zelairatu ditu lehoien entrenatzaileak, Sancet, Guruzeta eta Yerayren ordez.

Atleticoren hirugarrena

80. minutuan, zorigaiztoko beste jokaldi batean, etxekoek hirugarren gola egin dute. Samu Linoren jaurtiketak Unai Simonen bizkarrean jo du zutoinean eman ostean, eta baloia bisitarien atean sartu da (3-1).

Athletic behin eta berriro saiatu da bigarren zatian, baina lehoei asko kostatu zaie jokaldiak amaitzea.

Azkenean, 3 eta 1 Athletic galtzaile. Atleticok 6 puntura du orain Athletic, liga amaitzeko 5 jardunaldi (15 puntu) falta direnean.

Fitxa teknikoa

3 - Atletico Madril: Oblak; Molina (Riquelme, 66. min), Witsel, Gimenez, Hermoso, Lino; Correa (Barrios, 78. min), De Paul (Azpilicueta, 82. min), Koke, Llorente (Saul, 82. min); Griezmann.

1 - Athletic: Unai Simon; Yeray (Ander Herrera, 66. min), Vivian, Paredes, Lekue; Beñat Prados, Galarreta (Vesga, 68. min); Iñaki Williams (Raul Garcia, 81. min), Sancet (Berenguer, 66. min), Nico Williams; Guruzeta (Muniain, 66. min).

Golak: 1-0, 14. min: De Paul. 1-1, 45. min: Nico Williams. 2-1, 52. min: Correa. 3-1, 80. min: Unai Simon, bere atean.

Epailea: Martinez Munuera (Valentziako Batzordekoa). Txartel horia atera die De Paul (4. min), Witsel (92. min) eta Griezmann (93. min) Atletico Madrileko jokalariei, eta Sancet (60. min) eta Paredes (70. min) Athleticeko jokalariei.