Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Hapoel Kyriat-Athletic partida bertan behera uztea erabaki dute

Erredakzioa

Talde zuri-gorria Loiuko aireportuan Israelerako hegazkina hartzeko ia bi ordu zain egon da, gaur goizean atentatua egon baita Tel Aviven, baina azkenean UEFAk partida atzeratzea erabaki du.

01:19
UEFAk Europa Ligako neurketa atzeratzea erabaki du

Athleticeko jokalariak eta teknikariak Loiuko aireportuan ia bi ordu egon dira Tel Aviverako hegazkina hartzeko erabaki ofizial baten zain, baina UEFAk partida bertan behera uztea erabaki du. Zuri-gorriek ostegunean Hapoel Kyriat Shmonaren aurka Europa Ligako norgehiagoka jokatu beharko lukete, baina Athleticek partida bertan behera uzteko eskatu dio UEFAri, gaur goizean Tel Aviven atentatu bat izan baita.

Norgehiagoka bertan behera uzteko arrazoi nagusia gaur goizean Tel Aviven izandako atentatua da. Eugeni Garcia EITBk Jerusalemen duen berriemaileak azaldu duenez, atentatua hiriko erdigunean gertatu da, Defentsa Ministeriotik gertu. Antza denez, gizonezko bat autobusera igo da, barruan pakete bat jaurti, eta ihes egin du. Handik gutxira, bonba lehertu egin da. Hain justu, Athletic Club Tel Avivera joatekoa zen gaur, bihar Hapoelen aurka jokatzeko, baina atentatuaren berri izan eta gero, talde zuri-gorriak ez jokatzea eskatu dio UEFAri.

Tel Aviveko atentatua gertatu aurretik, Israelek Espainian duen enbaxadak Athleticen eta zaleen segurtasuna bermatzen duela adierazi du, Ertzaintzak azaldu duenez.