Itxi

Eibar

3-2, Celtaren aurka

Eibarrek porrota jaso du Balaidosen

Erredakzioa

Armaginek 3-2 galdu dute Celtaren aurka. Galiziarrak 3-0 irabazten joan dira, baina Eibarrek azkenera arte borrokatu eta emaitza txukundu du. Guidetti (2), Jonny, Berjon eta Inui izan dira golegileak.

  • Celta-Eibar. Argazkia. EFE

    Celtak 3-2 irabazi dio Eibarri. Argazkia. EFE

Eibarrek 3-2 galdu du Celtaren aurka Balaidosen eta talde galiziarrak armaginak aurreratu ditu BBVA Ligako sailkapenean. Celtak 38 puntu ditu, eta Eibar 36 punturekin geratu da.

Celta izan da nagusi lehen zatian, baina partidako lehen abagunea Eibarrek izan du, kanpora joan den Ansotegiren erremate on baten bitartez. Abagune horren ondoren, ordea, Celta jaun eta jabe izan da. Berizzok zuzendutako taldea abagune argiak sortzen hasi da, baina armaginek 0-0ekoari eustea lortu dute lehen minutuetan. Guidettik eta Aspasek zoratu egin dute Eibarren defentsako lerroa. Galiziarrak agintari ibili dira, baina 22. minutuan Eibarrek abagune ona izan du; epaileak, ordea, ez du Borja Bastoni egin dioten penaltia adierazi. Ordutik aurrera, etxeko taldea erabat nagusi izan da, eta nagusitasun horrek saria jaso du 30. minutuan; Celtak 1-0ekoa sartu du Guidettiren bitartez.

Gola hartu ostean, Eibar ez da erantzuteko gai izan, eta Celtak baloiaren jabe izaten jarraitu du. Galiziarrek hainbat abagune sortu dituzte lehen zatian eta atsedenaldira iritsi orduko 2-0koa sartu du Jonnyren bitartez.

Bigarren zatian Eibarrek aldeak murrizteko aukera izan du 57. minutuan, baina Borja Bastonek ez du bere errematearekin asmatu. Jarraian, Celtak hartu du baloiaren jabetza eta beste abagune mordo bat sortu du. Guidettik bi abagune oso argi huts egin ditu, baina hirugarrenean ez du barkatu; 69. minutuan, 3-0ekoa sartu du, bere bigarren gola partida honetan.

Celtaren hirugarren golarekin partida guztiz erabakita geratu dela ematen izan du, baina Eibarrek ez du azkenera arte etsi. Armaginek 3-1ekoa sartu dute 83. minutuan, penaltiz. Saul Berjonek sartu du penaltia. Jada ez da denbora asko geratzen izan, baina 87. minutuan Inuik area kanpotik egin duen jaurtiketa sare barrura joan da; 3-2koa Eibarrentzat. Azken minutuetan, armaginek berdinketaren bila jo dute, baina jada beranduegi izan da, eta Celtak lortu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

3 - Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Sergi Gomez, Planas; Tucu Hernandez, Marcelo Diaz, Wass; Iago Aspas, Bongonda (Nolito, 69. min) eta Guidetti (Beauvue, 77. min).

2 - Eibar: Riesgo; Lillo (Capa, 46. min), Mauro Dos Santos, Ansotegi, Junca; Radosevic (Saul Berjon, 65. min); Jota, Escalante, Adrian, Inui; eta Borja Baston (Sergi Enrich, 69. min).

Golak: 1-0, 31. min: Guidetti. 2-0, 39. min: Jonny. 3-0, 69. min: Guidetti. 3-1, 84. min: Saul Berjon, penaltiz. 3-2, 87. min: Inui.

Epailea: Melero Lopez.

Melero Lopez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar albisteak