Itxi

Eibar

1-0

Eibarrek merezitako garaipena lortu du Celtaren aurka

Erredakzioa

Talde armagina aurkaria baino gehiago izan da hasieratik amaieraraino eta Fran Ricok sartutako gol bati esker eskuratu ditu hiru puntuak.

  • Eibar-Celta. Argazkia: EFE

    Eibarreko jokalariak Fran Ricok Celtri sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek 1-0 irabazi dio Celtari Ipuruan eta hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak. 12 jardunalditan 18 puntu eskuratu ditu Eibarrek eta sailkapenaren goialdean da.

Talde armagina nagusi izan da lehen zatian eta Celtak baino askoz hobeto jokatu du. Hirugarren minutuan etorri da etxeko taldearen lehen abagunea; Adrianek pasea eman dio Enrichi eta Eibarreko aurrelariaren errematea Ruben Blanco atezainak desbideratu du. Bederatzigarren minutuan, ordea, Eibarrek merezitako saria jaso du, hau da, gola. Sergi Enrichek erdiraketa ona atera du eskuin hegaletik, Adrianek errematea langara bidali eta aldaratzean sare barrura errematatu du Fran Ricok, 1-0ekoa sartuta. Gola sartu ostean bigarrena lortzeko abagune argiak izan ditu Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak, baina ez da fin ibili Ruben Blancok defendatutako ate aurrean. Celtak abagune bakarra izan du lehen 45 minutuetan Señeren jaurtiketa baten bitartez, baina Riesgo atezainak arazorik gabe gelditu du baloia. Partidako 25. minutuan Inuik bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Ruben Blancok eragotzi du japoniarraren gola.

Bigarren zatia hasi bezain laster Adrian Gonzalezek urrutitik jaurtiketa bikaina atera eta baloia kanpora joan da, langa jo ostean. Adrianek berak beste abagune on bat izan du Enrichen pase dotore bat jasota, baina bere erremateak Ruben atezainarengan jo eta kanpora joan da. 60. minututik aurrera hasi da Celta erasora jotzen eta arriskua eraman du Riesgo atezainak defendatutako ate ingurura, baina ez du abagune argirik izan. Norgehiagokako 76. minutuan Riesgok Bongondari egindako penaltia eskatu du Celtak, baina epaileak ez du ezer adierazi. Bost minutu beranduago Adrianek beste erremate bat bidali du langara Ruben Blanco atezainak ukitu ostean. Azken minutuetan ez da asko jokatu eta Eibarrek ez du arazorik izan hiru puntuekin geratzeko.

Fitxa teknikoa:

1 SD Eibar: Riesgo; Arbilla, Ramis (Galvez, m. 82), Lejeune, Antonio Luna; Fran Rico, Dani Garcia; Pedro Leon (Escalante, m. 70), Adrian, Inui (Rubén Peña, m. 62); eta Sergi Enrich.

0 RC Celta: Ruben; Roncaglia, Sergi Gómez, Fontas, Planas (Guidetti, m. 74); Hugo Mallo, Radoja; Señe (Pione Sisto, m. 67), Was (Pablo Hernandez, m. 52), Bongonda; eta Rossi.

Gola: 1-0. m. 8. Fran Rico.

Epailea: José Luis Munuera Montero.

p>
  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar argazkiak