Itxi

Eibar

3-0

Eibarrek ezin izan du ezustekoa eman Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Talde armaginak 3-0 galdu du Santiago Bernabeun. Oliveirak bere atean sartu du lehen gola, Asensiok egin du madrildarren bigarrena eta Marcelok hirugarrena.

  • Real Madril-Eibar. Argazkia: EFE

    Real Madrileko jokalariak Eibarri sartutako hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek porrota jaso du Real Madrilen aurka (3-0) Santiago Bernabeun. Armaginek bolada txarrean jarraitzen dute, eta Jose Luis Mendilibarren taldeak gol asko jasotzen jarraitzen du.

Hasierako minutuetan, ondo ibili da Eibar. Hala ere, Real Madrilek izan du partidako lehen abagunea, eta Dmitrovic atezainak etxekoen gola eragotzi du, Iscori gelditu ona eginda. Minutuak aurrera joan ahala, Eibar baloiaren jabe izan da, baina ez du arrisku argirik sortu Casillak defendatu duen atean. Eibar unerik onenean egon denean etorri da Real Madrilen gola; korner batean Oliveirak bere atean sartu du 1-0ekoa, Sergio Ramosek errematatzea eragotzi nahian. Real Madrilek gola sartu ostean, nagusi izan da Zidanek zuzentzen duen taldea, eta atsedenaldia baino lehen, 28. minutuan, Asensiok 2-0ekoa sartu du Iscoren pasea sare barrura bidalita.

Bigarren zatian, kontrolpean izan du partida Real Madrilek. Eibar saiatu da presio aurreratua egiten, baina ez du abagune argirik sortu. Dmitrovic atezainak eragotzi egin du talde armaginak gol-zaparrada jasotzea Cristiano Ronaldoren eta Benzemaren erremateei bikain erantzunez. Gainera, Luka Modricek kanpora bidali du area kanpotik egindako jaurtiketa. Norgehiagokako 82. minutuan, Marcelok 3-0ekoa sartu du, Real Madrilen garaipena biribilduz.

Fitxa teknikoa:

3.- Real Madril: Casilla; Nacho, Varane, Ramos, Theo; Casemiro, Modric, Dani Ceballos (Marcelo, 71. min), Isco (Lucas Vazquez, 71. min); Cristiano eta Asensio (Benzema, 64. min).

0.- Eibar: Dmitrovic; Capa (Ruben Peña, 73. min), Paulo Oliveira, Lomban, Jose Angel; Arbilla, Rivera, Escalante (Sergi Enrich, 79. min), Jordan; Charles (Kike Garcia, 63. min) eta Inui.

Golak: 1-0, 18. min: Paulo Oliveira, bere atean; 2-0, 28. min: Asensio; 3-0, 82. min: Marcelo.

Epailea: Alvarez Izquierdo.