Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek kolpea eman dio Leganesi Butarquen (0-2)

EITB MEDIA

Armaginek gizon bat gutxiagorekin jokatu duten bigarren zatian, baina Nolaskoainek eta Bautistak aurrez sartutako golak baliatu dituzte, Leganesi irabazteko eta liderrarekiko duten aldea puntu bakarrera murrizteko.

  • Jon Bautista gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar

    Jon Bautista gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek garaipen handia lortu du gaur gauean Leganesen etxean (0-2), ordu erdi baino gehiago gizon bat gutxiagorekin jokatu badu ere, eta Hypermotion Ligako liderrarengandik puntu batera kokatu da sailkapenean. Partida parekatua izan da, baina armaginek ez dute barkatu ate aurrean, eta Peru Nolaskoainek eta Jon Bautistak sartutako golei esker gailendu dira.

Hasieratik, Joseba Etxeberriaren mutilak garaipenaren bila atera dira; Leganeseko jokalariak, berriz, ordenatuta egon dira, kontraerasoan min egiteko asmoarekin, Luca Zidanen ate inguruan arrisku handirik sortu ez badute ere.  

Edonola ere, partidako lehen gol aukera garbiena madrildarrek izan dute 9. minutuan, baina Diego Garciaren burukada langara joan da.

Armaginen erantzuna jarraian iritsi da, korner batetik abiatutako jokaldian. Matheusek erdiratu du, eta bigarren zutoinean, Nolasekoainek buruz sartu du gola, errematea bakar-bakarrik eginda.  

Eibarren bigarrena gol ederra izan da, eta Leganes partida estutzen ari zenean heldu da. Stoichkovek jokaldi ikusgarria egin du area ertzean, arerioz inguratuta. Pase bikaina eman dio Bautistari, eta honek, bi defentsa gainetik kenduta, ez du barkatu Conderen ate aurrean.