Itxi

Reala

Vila-realen kontra, Kopan

Kanporaketari buelta ematera behartuta dago Reala

Erredakzioa

Madrigalen jokatutako final-zortzirenetako joanekoan Vila-real nagusitu zen (1-0), eta talde txuri-urdinak kanporaketari buelta eman beharko dio.

00:23

Realak Vila-real hartuko du asteazken honetan Anoetan, Kopako final-zortzirenetako itzuliko partidan (20:00etan). Donostiarrek porrota jaso zuten aurreko astean Madrigalen (1-0), eta final-laurdenetarako txartela lortu nahi badute, kanporaketari buelta eman beharko diote.

Moyesek zuzentzen duen taldearen lehentasuna liga da, baina Kopan ere aurrera egin nahi du. Vila-real hirugarrenez utzi nahi du Kopatik at Realak. Horrek gainera konfiantza emango lioke taldeari.

Entrenatzaile eskoziarrak ohikoak ez diren jokalariak erabiliko ditu, segur aski, baina Xabi Prieto, Canales, Granero eta Bergara jokalariek, adibidez, hasieratik jokatzeko aukera asko dituzte. Velari, ordea, atsedena eman diezaioke.

Eñaut Zubikaraik defendatuko du gipuzkoarren atea, eta defentsan eta baita hegaletan ere aldaketak egon daitezke.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Zubikarai; Elustondo, Mikel, Iñigo Martinez, Yuri; Bergara, Granero, Xabi Prieto; Canales, Hervias, Finnbogason.

Vila-real: Asenjo; Rukavina, Musacchio, Dorado, Jaume Costa, Tomas Pina, Manu Trigueros, Moi Gomez, Cheryshev, Gio Dos Santos, Gerard Moreno.

Epailea: Velasco Carballo.

Futbol-zelaia: Anoeta

Ordua: 20.00