Itxi

Reala

Betis-Real, larunbatean 22h

Zaldua normaltasunez entrenatu da; Iñigo Martinez, zalantzan

Agentziak | Erredakzioa

Canalesen ustez, taldearen eraso-ahalmena fidagarria da. "Helduko dira golak", azpimarratu du jokalari kantabriarrak.

Betisen aurka jokatuko du Realak larunbatean, 22:00etan, eta talde txuri-urdina buru-belarri ari da prestatzen partida hori. Joseba Zaldua bere esanetara du jada David Moyes entrenatzaileak; izan ere, atzelari donostiarra sendatuta dago, eta atzean utzi ditu azken egunetan izandako arazo fisikoak. Iñigo Martinez, berriz, zalantzan dago; Ondarroako jokalariak mina du aldakan, eta, hortaz, ez dago argi Sevillan jokatzeko modan izango den.

Bestalde, Diego Reyes, Carlos Vela eta Bruma portugaldarra euren selekzioekin daude; ondorioz, ez dira lan-saioetan taldekideekin batera aritu.

Sergio Canales: "Helduko dira golak"

Bitartean, Sergio Canalesek esan du ez duela zalantzarik taldeko eraso-ahalmenaren gainean. Realak ezin izan du golik egin oraingoz, baina jokalari kantabriarra lasai agertu da: "Helduko dira golak".

"Konfiantza osoa dugu gure eraso-jokoan", esan du Canalesek, Zubietako lan-saioaren ostean. Horren ustez, denboraldi-aurrean taldeari golak egitea kostatu bazaio ere, Realak "hobera egin du", orokorrean.

Ligako lehen bi partidak berrikusi ondoren nabarmendu duenez, Reala Deportivoren aurka "ondo" egon zen, eta partida irabazteko aukera izan zuen, eta Anoetan Sportingen aurka jokatutakoan, berriz, "gola sartzea baino ez zen falta izan".

Sergio Canalesek anbizio handia erakutsi du helburu garrantzitsuak lortzeko aukeren inguruan hitz egin duenean, eta jomuga altuak jartzea ona dela esan du: "Horrek taldea bultzatzen du".

"Kanpotik esaten dute Europara joateko eta gutaz harro egoteko moduko taldea dagoela. Orain, zelaian hitz egin behar dugu", azaldu du aurretik Real Madrilen eta Valentzian ibilitako jokalariak.