Itxi

Reala

2-0

Realak merezitako garaipena lortu du Valentziaren aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdina aurkaria baino gehiago izan da Anoetan eta 2-0eko emaitzarekin nagusitu da. Jonathasek sartu ditu partidako bi golak.

  • Reala-Valentzia. Argazkia: EFE

    Realak 2-0 irabazi dio Valentziari. Argazkia: EFE

Realak garaipen garrantzitsua lortu du Valentziaren aurka (2-0) Anoetan eta hiru puntu hauek jaitsieraren mamua aldentzen dute. Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldeak arnasa hartzen du norgehiagoka hau irabazi ostean.

Lehen zatian txuri-urdinak izan dira nagusi, baina bi taldeek sortutako abaguneak oso urriak izan dira. Dena den, Realak izan ditu gola sartzeko aukera onenak. Abagune argiena, 13. minutuan izan du talde gipuzkoarrak; Carlos Martinezek jokaldi ona egin, area barruan sartu eta jaurtiketa zutoinera bidali du. Norgehiagokako 30. minutuan, talde bakoitzak abagune bana izan du. Valentziak lehen zatian izan duen aukera bakarra jokaldi nahasi baten bitartez etorri da, eta Realeko defentsak arazoekin baloia aldentzea lortu du. Jokaldi berean, Brumak kontraerasoa antolatu du, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu du, eta kanpora joan da. Honenbestez, lehen zatia golik gabe bukatu da (0-0).

Bigarren zatian ere Reala izan da nagusi, baina gehiegi barkatu du aurkariaren ate aurrean. Atsedenalditik itzuli eta jarraian abagune bikoitza izan dute txuri-urdinek Jaume atezainaren huts baten ostean, baina ez dute asmatu. Ondoren, Eusebiok zuzentzen duen taldeak beste bi aukera izan ditu korner jaurtiketen bitartez, baina Elustondoren erremateari Jaumek erantzun ona eman dio, eta Jonathasen burukada, langa gainetik kanpora joan da. 58. minutuan Realak beste aukera argi bat izan du; Jaume atezainak kale egin du baloia aldentzerakoan, baina ez Velak ezta Jonathasek, ez dute baloia sare barrura bidaltzea lortu. Lau minutu beranduago, Ruben Pardok area barruan errematea egin eta atezainak baloia desbideratzea lortu du, gelditu on bat egin ostean.

Eusebiok zuzentzen duen taldea gelditu gabe ibili da golaren bila eta Valentzia ezinean ibili da partida osoan zehar. Realaren ekinak saria izan du, 78. minutuan; Carlos Martinezek erdiraketa ona atera du hegaletik eta Jonathasek baloia sare barrura bultzatu du, 1-0ekoa eginez. Gola jaso ostean, Valentziak ez du erantzun eta Realak partida erabakita utzi du Jonathasek 82. minutuan sartutako bigarren golarekin (2-0). Azken txanpan talde txuri-urdinak ez du arazorik izan emaitzari eusteko eta hiru puntuak Anoetan geratu dira.

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Rulli; Carlos Martinez, Elustondo, Iñigo Martinez, Yuri; Pardo, Bergara, Xabi Prieto; Bruma (Zaldua, 90. min), Vela (Oyarzabal, 75. min) eta Jonathas (Hector, 86. min).

0.- Valencia: Jaime, Barragan, Mustafi, Abdenmour, Cancelo (Orban, 46. min); Enzo Perez (Javi Fuego, 56. min), Parejo; De Paul, Santi Mina (Negredo, 70. min), Rodrigo eta Alcacer.

Epailea: Hernandez Hernandez.

Golak: 1-0, 78. min: Jonathas. 2-0, 82. min: Jonathas.

Jonathas.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala