Itxi

Reala

1-1

Berdinketa garratza lortu du Realak Deportivoren aurka

Erredakzioa

Txuri-urdinak aurkaria baino gehiago izan dira, baina norgehiagoka banako (1-1) berdinketarekin bukatu da. Luis Albertok sartu du Deporren gola lehen zatian eta Xabi Prietok penaltiz sartu du banakoa.

  • Reala-Deportivo. Argazkia: EFE

    Realak eta Deportivok bana (1-1) berdindu dute Anoetan: Argazkia: EFE

Realak bana (1-1) berdindu du Deportivoren aurka Anoetan eta BBVA Ligako bigarren itzuliari puntu bat eskuratuta ekin dio. Txuri-urdinak aurkaria baino gehiago izan dira, Deportivok baino hobeto jokatu dute, baina ezin bere zaleen aurrean garaipena lortu.

Lehen zatian jaun eta jabe izan dira txuri-urdinak eta hainbat abagune sortu dituzte. Bigarren minutuan Velak pase bikaina eman dio Jonathasi eta bere errematea Lux atezainak desbideratu du oinarekin. Hamar minutu beranduago, Deportivoren erantzuna etorri da, baina Rullik erantzun ona eman dio Lucas Perezen erremateari, kornerrera desbideratuz. Jarraian, Ruben Pardok jaurtiketa ona atera eta Luxek Realaren gola eragotzi du, erantzun bikaina emanda. Reala izan da baloiaren jabe, nahiz eta 15. minututik aurrera txuri-urdinek ez duten abagune argirik sortu. Deportivo ezinean ibili da, baina 29. minutuan, Realaren defentsak kale egin du, Galiziako taldeak baloia berreskuratu, Lucas Perezek pase ona eman dio Luis Albertori eta honek ez du barkatu Rulliren aurrean (0-1).

Gola jaso ostean, Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldeak erasora jo du. Lehen zatiaren azken txanpan hiru abagune on izan ditu Realak eta Lux atezaina izan da protagonista hiruretan. Lehenengo Brumaren erremateari erantzun bikaina eman dio, ondoren, Velaren jaurtiketa gurutzatu bat desbideratu du, eta 43. minutuan Pardoren jaurtiketaren aurrean gelditu ezin hobea egin du.

Bigarren zatiari ere erasokor ekin dio Realak, baina lehen abagunea Deportivok izan du. Galiziarren golean eman den jokaldi bera eman da 56. minutuan: Realak baloia galdu du defentsan, Lucas Perezek berreskuratu eta oraingoan, Luis Albertok ez du gola sartu Rullik eragotzi baitu. Une horretatik aurrera, abagune guztiak talde txuri-urdinarenak izan dira. 70. minutuan, epaileak Realaren gola baliorik gabe utzi du Iñigo Martinezen jokoz kanpoko posizioagatik. Jokalari txuri-urdina posizio onean egon da, baina epaileak ez du asmatu.

Norgehiagoka azken txanpan sartu da, eta Realak markagailua aurka eduki du. Horrela, 73. minutuan, epaileak gipuzkoarren aldeko penaltia adierazi du Jonasek Xabi Prietori egindako faltagatik. Xabi Prietok berak jaurti du penaltia eta ez du huts egin (1-1). Golak indarra eman dio Realari azken txanpan eta partida irabazteko aukerak izan ditu talde txuri-urdinak. 77. minutuan Iñigo Martinezek pase bikaina eman dio Xabi Prietori, kapitainak kontrola egin du, baina Lux atezaina aurreratu zaio errematea egitea galaraziz. Azken minutuetan, Oiarzabalek area kanpotik jaurtiketa indartsua atera eta baloia kanpora joan da, langa jo ostean. Amaieran, puntu banaketa Anoetan.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Rulli; Carlos Martinez, Elustondo, Iñigo Martínez, Yuri (Hector, 75. min); Markel, Xabi Prieto (Oiarzabal, 87. min), Pardo (Illarra, 62. min); Bruma, Vela eta Jonathas.

1.- Deportivo: Lux; Laure, Lopo, Sidnei, Navarro; Luis Alberto (Faycal, 82. min), Bergantiños, Mosquera; Juanfran, Luisinho (Jonas, 71. min), Lucas Perez.

Golak: 0-1, 26. min: Luis Alberto. 1-1, 74. min: Xabi Prieto, penaltiz.

Epailea: Martínez Munuera.

rtínez Munuera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala