Itxi

Reala

0-1

Realak porrota jaso du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Txuri-urdinek 0-1 galdu dute Madrileko taldearen aurka Anoetan. Gareth Balek sartu du partidako gol bakarra, 80. minutuan.

  • Gareth Bale. Argazkia: EFE

    Gareth Bale, Yurirekin, Reala-Real Madril partidan. Argazkia: EFE

Realak 0-1 galdu du Real Madilen aurka Anoetan. Zidanek zuzentzen duen taldea nagusi izan da, abagune gehineak eta onenak izan ditu, eta merezitako garaipena lortu du. Txuri-urdinek partida ona jokatu eta zailtasunetan jarri dute Madrileko taldea.

Real Madril izan da nagusi lehen zatian eta abagune onenak Zidanek zuzentzen dituen taldeak izan ditu. Talde txuri-urdina, aldiz, atzean sartuta egon da kontraerasora jotzeko prest, baina ia ez du gola sartzeko aukerarik sortu. Balek izan du norgehiagokako lehen abagunea, baina bere jaurtiketa kanpora joan da, gehiegi gurutzatu duelako. Hamargarren minutuan Jamesek izan du gol aukera; bere errematea, ordea, Rullik desbideratu du. Jarraian, Sergio Ramosen errematea kanpora joan da korner baten ostean eta hiru minutu beranduago, zutoina urratuta kanpora joan da Baleren burukada. Real Madrilen abagune mordoaren ostean, partida baretu egin da, eta bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko aukerarik izan 40. minutura arte. Minutu horretan, kanpoko taldeak izan du markagailuan aurretik jartzeko aukera, baina Nachoren jaurtiketak Rullirengan jo eta Zalduak atepetik atera du baloia. Realak abagune bakarra izan du lehen zatiko 44. minutuan; Zurutuzak eta Xabi Prietok jokaldi bikaina egin dute, eta Zalduaren jaurtiketa indartsua langa gainetik kanpora joan da.

Bigarren zatian partidaren erritmoa asko moteldu da. Real Madril baloiaren jabe izan da, eta arriskua sortu duen arren, ez ditu lehen zatian beste abagune argi sortu. 56. minutuan 0-1ekoa sartzeko aukera ezin hobea izan du Zidanek zuzentzen duen taldeak. Yurik huts egin du baloia aldentzerakoan, Balek errematea egin du, eta Rullik gola eragotzi du, gelditu paregabea eginda. Realeko atezainak beste gelditu on bat ere egin du 73. minutuan; Jesek jokaldi ona egin eta Rullik Real Madrileko jokalarien errematea eragotzi du. Real Madril ekinean ibili da, eta saria jaso du 80. minutuan. Lucas Vazquezek erdiraketa bikaina jarri du hegaletik eta Balek sare barrura bidali du errematea (0-1).

Azken txanpan, Realak berdinketaren bila jo du. Ez du abagunerik sortu bigarren zati osoan, baina 91. minutuan gola sartzetik gertu egon da talde txuri-urdina; Zurutuzaren errematea, ordea, Keylor Navasek gelditu du. Amaieran, Real Madrilek eraman ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

REALA: Rulli; Zaldúa, Mikel Gonzalez, Elustondo, Yuri (H. Hernandez, 85. min); Illarramendi, Bergara (Reyes, 68. min), Zurutuza, X. Prieto, Bruma (Bautista, 76. min); Oyarzabal.

REAL MADRIL: K. Navas; Danilo, Varane, Ramos, Nacho; Casemiro, Modric (Kovacic, 85. min), James (Isco, 73. min); Bale, Lucas, B. Mayoral (Jese, 65. min).

GOLA: 0-1, 80. min, Bale.

EPAILEA: Undiano Mallenco.

 

lenco.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala