Itxi

Reala

Celtari irabazita (2-3)

Realak garaipenarekin ekin dio Ligari

A.B.

Talde txuri-urdinak 2-3 irabazi dio Celtari Balaidosen. Maxi Gomezek birritan jarri du aurretik etxeko taldea. Oyarzabalen, Juanmiren eta W. Joseren golek, ordea, garaipena eman die donostiarrei.

  • Reala. Argazkia: EFE

    Realak 2-3 irabazi dio Celtari. Argazkia: EFE

Realak 2-3 irabazi dio Celtari Balaidosen eta garaipenarekin ekin dio Ligari. Txuri-urdinak bi aldiz egon dira atzetik markagailuan, baina hiru puntuak eskuratu dituzte. Hasiera bikaina eman diote txuri-urdinek 2017-2018. denboraldiari.

Neurketa erritmo biziarekin hasi da, eta etxeko taldeak izan du lehen abagunea bosgarren minutuan, baina Iago Aspasen errematea gutxigatik kanpora joan da. Celta baloiaren jabe egin da, eta 17. minutuan Rullik Aspasen jaurtiketa gelditu du. Realaren erantzuna ez da 21. minutura arte iritsi; Canalesek falta jaurtiketa egin, eta zutoina urratuta kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, aldiz, Celtak gola sartu du Maxi Gomezen bitartez (1-0). Sistok erdiraketa egin du, Wassek baloia buruz jo eta Gomezek sare barrura bidali du errematea. Gola sartu ostean, etxeko taldea jaun eta jabe izan da, baina 32. minutuan Sergio Alvarez atezainak kale egin du baloia jokatzerakoan, Oyarzabali iritsi zaio, eta zetorkion moduan errematea eginda, banakoa (1-1) sartu du. Realaren une txarrenetan etorri da txuri-urdinen gola. Realaren golaren ostean, baloiaren jabe izan da Celta berriro, baina Unzuek zuzentzen duen taldeak ez du abagune argiegirik sortu atsedenaldira iritsi aurretik.

Bigarren zatiak lehenengoak izan duen hasiera bera izan du; Celta nagusi eta abaguneak sortzen. Vigoko taldearen joko onak saria jaso du 60. minutuan sartu duen golarekin. Maxi Gomezek egin du 2-1ekoa korner baten ostean. Ondorengo minutuetan Celtak kontrolpean izan du partida eta abantaila handitzeko abaguneak ere izan ditu. Illarramendik oso urrunetik egindako jaurtiketa bikaina Sergio Alvarez atezainak desbideratu du 75. minutuan eta horixe izan da Realak bigarren zatian eduki duen abagune argiena. Celtak, ordea, barkatu egin du Rulliren ate aurrean eta 80. minutuan Juanmik partida berdindu du (2-2) Willian Joseren pase dotorea sare barrura bidalita. Realak erasora jo du azken minutuetan eta 87.ean Mateu Lahoz epaileak txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du. Willian Josek ez du kale egin penalti puntutik eta garaipenaren gola sartu du (2-3) Realarentzat.

Fitxa teknikoa:

2 - Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Fontas, Jonny; Radoja, Wass, Jozabed (Lobotka, m.75); Iago Aspas, Pione Sisto (Hjulsager, m.86) eta Maxi Gomez (Hernandez, m.66).

3 - Reala: Rulli; Odriozola, Aritz Elustondo, Navas, Kevin Rodrigues; Illarra, Zurutuza, Xabi Prieto (Agirretxe, m.80); Canales (Carlos Vela, m.56), Oyarzabal (Juanmi, m.66) eta William Jose.

Golak: 1-0, m.22: Maxi Gomez; 1-1, m.32: Oyarzabal; 2-1, m.50: Maxi Gomez; 2-2, m.79: Juanmi; 2-3, m.87: William Jose (penaltiz).

Epailea: Mateu Lahoz.