Itxi

Reala

Garaipen argia

Realak arnasa hartu du Deporri gol zaparrada sartuta (5-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txuri-urdinak galiziarrak baino askoz gehiago izan dira, batez ere lau gol sartu dituzten bigarren zatian.

  • Illarramendik bi gol egin dizkio Deportivori. Argazkia: EFE

    Illarramendik bi gol egin dizkio Deportivori. Argazkia: EFE

Realak garaipen argia lortu du Deportivoren aurka zaleen aurrean, 2018ko lehendabizikoa. Hitzordu garrantzitsua zuten ostiral honetan txuri-urdinek Anoetan, urtarrileko emaitza txarrak eta Iñigo Martinezen azken orduko irteera zama astuna baitziren.

Etxeko jokalariek goitik behera menderatu dituzte galiziarrak, eta merezimendu osoz poltsikoratu dituzte hiru puntuak.

Horrenbestez, Realarenak izan dira partidako lehen aukerak, Mikel Oyarzabalen eta Illarramendiren jaurtiketen bidez heldu direnak.

Hala ere, etxeko zaleak beldur ziren euren taldea erakusten ari zen nagusitasuna ez ote zen ezerezean geratuko, Deportivo, gutxika bada ere, Gero Rulliren inguruetara hurbiltzen hasi baita.

Baina, ordu erdia bete berri zenean, hara non azaldu den William Jose Juanmiren jokaldi bati amaiera ezin hobea emateko. Ligan sartu duen hamaikagarrena izan da gaurkoa.

Juanmik, bere aldetik, bigarrena lortzeko parada izan du atsedenaldira joan aurretik.

Aldageletatik itzuli ostean jendeak Deporren oldarraldia etorriko zela espero zuen, baina etxekoek ez dute halakorik gertatzerik baimendu, eta bigarren gola egiteko zorian egon dira 55. minutuan, De la Bellaren jokaldi on baten ondoren Xabi Prieto eta defentsaren artean baloia zutoinera bota baitute.

Aitzitik, Realak ez du larregi itxaron behar izan, handik gutxira Illarramendik gola erdietsi duelako atera zuzen bota duen falta jaurtiketa batean, 25 metro ingurutik.

Gero ia bata bestearen atzetik heldu dira gainerako hiru golak: lehendabizi, Sergio Canales izan da bere gola egin duena, William Josek emandako pase bikaina baliatuta; ondoren, Iñigo Martinezen hutsunea bete duen Aritz Elustondok sartu du berea korner batean, Deporren atzelarien ahultasuna agerian geratu den jokaldi batean; azkenik, Illarramendiren bigarrena iritsi da, Agirretxek atezainaren gainetik baloia loratzeko ahaleginean baloia mutrikuarrari etorri zaio, eta ez du hutsik egin atezainik gabeko atearen aurrean.

Fitxa teknikoa

Reala 5: Rulli; Odriozola, Elustondo, Navas, De la Bella; Illarramendi, Zubeldia, Prieto (Guridi, 83. min);  Juanmi (Canales, 69. min), Oyarzabal, Willian Jose (Agirretxe, 84. min).

Deportivo 0: Ruben; Luisinho, Schar, Albentosa, Beveda; Guillerme, Kronn-Dehli (Valverde, 80. min), Adrián, Carles Gil (Colak, 54. min), Fede Cartabia (Bakkali, 73.min), Lucas.

Epailea: Undiano Mallenco (Navarra). Txartel horiak: Schar.

Golak: 1-0, 30. min: Willian Jose. 2-0, 61. min: Illarrramendi. 3-0, 74. min: Canales. 4-0, 82. min: Elustondo. 5-0, 88. min