Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

FINAL HANDIA

Argentina eta Frantzia, Munduko Koparen bila

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bi taldeek titulua bilatuko dute parekatua izatea espero den finalean. Europarrek euren bigarren Munduko Txapelketa jarraian irabazi nahi dute. Argentinarrak, aldiz, hegoamerikarren 20 urteko lehorteari bukaera emateko prest daude.

  • Munduko Kopa

    Munduko Kopa. Argazkia: EFE

Argentinak eta Frantziak igandean (abenduak 18) jokatuko dute Qatarko Munduko Txapelketako finala. Frantziarrak, egungo txapeldunak dira, eta Errusian 2018an lortutako koroa berretsi nahi dute. Argentinarrak, ordea, talde europarrek azken 20 urteetan izandako nagusitasunarekin bukatzeko prest daude.

Faborito nagusien zerrendan iritsi ziren bi taldeak Qatarrera, baina oso ezberdinak izan dira haien ibilbideak. Argentinak, Lionel Scaloni entrenatzailearekin bolada bikainean heldu ziren, baina zalantzaz josita hasi zuen bidea. Multzoen fasean Saudi Arabia, Mexiko eta Polonia izan zituen aurkari. Hegoamerikarrek Saudi Arabiarren aurka lehen partida galdu zuten arren (1-2), arin bideratu zuten bidea, Mexiko (2-0) eta Polonia (2-0) mendean hartuta.

Didier Deschampsek zuzentzen duen selekzioak, aldiz, geldiezin hasi zuen lehen fasea. Australia (4-1) eta Danimarka (2-1) garaitu zituen, eta, azken jardunaldian, izarrei atseden eman ostean 0-1 galdu zuen Tunisiaren aurka.

Final-zortzirenetan Argentinak Australia utzi zuen txapelketatik kanpo (2-1). Frantziarrek berdina egin zuten Poloniarekin (3-1). Hurrengo kanporaketan argentinarrak larri ibili ziren Herbehereen aurka: kontrolpean izan zuten partida penaltietara joan zitzaien luzapenaren ostean (2-2), baina 11 metroetatik lortu zuten finalaurrekoetarako sailkapena. Bestalde, Frantziak kanpoan utzi zuen faborito nagusietakoa zen Ingalaterra (2-1).

Finalerdietan iritsi zen Argentinaren partida onena. Messi eta Julian Alvarez aurrelarien gidaritzarekin, Scalonirenek 3 eta 0 garaitu zuten Kroazia, finalerako txartela lortuta. Egungo txapeldunak, bukaera eman zion Maroko txapelketako ezustekoa izan den taldearen ametsari (2-0).

 

Urrezko Bota ere, jokoan

Txapelduna nor izango den ez da finalean erabakiko den gauza bakarra Dohako Lusail estadioan jokatuko den finalean. Bi selekzioetako izar nagusiak, Messi eta Mbappé, 5 gol sartuta iritsi dira finalera, golegile nagusien zerrendaren gailurrean. Hala ere, Julian Alvarez (Argentina) eta Olivier Giroud (Frantzia) jokalariek launa gol dituzte, eta txapelketako golegile nagusia izateko lehian sartuta daude.

Ustezko hamaikakoak:

Argentina: 'Dibu' Martinez; Montiel, Romero, Otamendi, Lisandro Martinez edo Paredes, Acuña; De Paul, Enzo Fernandez, Mac Allister; Messi, Julian Alvarez.

Frantzia: Lloris; Koundé, Varane o Saliba, Upamecano, Theo Hernandez; Tchouaméni, Rabiot; Griezmann; Dembélé, Giroud, Mbappé.

Epailea: Szymon Marciniak (Polonia).

Estadioa: Lusail, arratsaldeko 16:00tan