Itxi

Osasuna

0-0

Osasunak eta Oviedok golik gabe berdindu dute Sadarren

Erredakzioa

Gorritxoek izan dituzte abagune onenak, baina ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Partida hutsean bukatu da (0-0). Bi taldeek playoff postuetan bukatu dute lehen itzulia.

  • Osasuna-Oviedo. Argazkia: EiTB

    Osasunak eta Oviedok 0-0 berdindu dute. Argazkia: EiTB

Osasunak eta Oviedok golik gabe (0-0) berdindu dute Sadarren eta puntu bana eskuratu dute. Bi talde hauek, igoerako playoff postuetan bukatu dute Adelante Ligako lehen itzulia. Asturiarrek 36 puntu dituzte; nafarrek, aldiz, 35 puntu.

Gorritxoek eta asturiarrek gogotsu ekin diote norgehiagokari eta lehiakor ibili dira lehen 45 minutuetan. Abaguneak, ordea, oso urriak izan dira. Osasuna izan da aurkariaren ate ingurura arrisku gehien eraman duen taldea, baina ez du Esteban atezaina arazo gehiegitan jarri. Talde nafarrak 40. minutuan izan du lehen zatiko abagune argiena; Roberto Torresek jokaldi bikaina egin, pasea sartu eta Berenguerrek kanpora bidali du errematea, atepean. Oviedo sendo mantendu da defentsako lanean eta Osasunaren atera behin baino ez da gerturatu Koneren jaurtiketa baten bitartez.

Bigarren zatian ez da partidaren gidoia aldatu. Osasuna jaun eta jabe izan da, eta gorritxoek sortu dituzte abagune onenak. 51. minutuan, Kenan Kodrok jokaldi bikaina egin, area barruan sartu eta bere jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Esteban atezainak. Hamar minutu beranduago, Nino bakarrik geratu da atezainaren aurrean eta oraingoan ere Estebanek Osasunaren gola eragotzi du, buruz burukoan nagusi izanez.

Partidako azken txanpan, garaipena lortzen saiatu dira Martin Monrealen mutilak, baina ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. 81. minutuan, Roberto Torresek jaurtiketa ona atera, baina zutoina urratuz kanpora joan da. Hortik aurrera, lehia asko parekatu da. Oviedok ez du abagunerik sortu, baina sendo eta eroso ibili da defentsan. Amaieran, golik gabeko berdinketa (0-0) eta puntu banaketa.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Nauzet; Oier, Miguel Flaño, David García, Unai García, Javier Flaño; Roberto Torres, Merino, Jose Garcia (Olavide, 51. min); Alex Berenguer (Alex Sanchez, 75. min) eta Kenan Kodro (Nino, 61. min).

0 - Oviedo: Esteban; Johannesson, Verdes, David Fernandez, Peña; Hervias (Aguirre, 65. min), Cristian Rivera, Omgba, Susaeta; Borja Valle (Hector Font, 72. min) eta Kone (Diego Cervero, 86. min).

Epailea: Arcediano Monescillo.

ano Monescillo.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Osasuna